Alokairurako etxebizitzak ez direla "EAJren lehentasuna" salatu du EHBilduk

uriola.eus 2014ko urr. 17a, 08:30

Udal Etxebizitzak erakundearen aurrekontua murrizteagatik eta 2004-2014 Inbertsio Plana ez betetzeagatik kritiko agertu da EH Bildu koalizioa Bilboko Udal Gobernuarekin.

Datorren ekitaldirako Udal Etxebizitzak-en aurrekontua baloratu duen Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du EAJren proposamenak 2013an inbertsioetan ezarritako murrizketa finkatzen duela. Era berean, EHBilduren eledunak salatu du Gobernu Batzordeak ez duela 2004-2014 Inbertsio Plana bete. “2004an iragarri zuten Udal Etxebizitzaken kopurua 6.000 etxebizitza izateraino helduko zela eta 2014an 4.000 baino ez daudela”, azpimarratu du Ibaibarriagak.

Bozeramaile soberanistak salatu duenez, “EAJk ez du alokairuzko etxebizitza sozialen defentsan ezer egiten. Areago, erraztasun handiak jartzen dizkie BBVA edota Iberdrola bezalako enpresa handiei”. Honen adibide da 2015. urterako aurreikusitako Udal Etxebizitzetako aurrekontua. “Jada hasita dauden operazioen azkeneko ordainketak egiteko aurrekontua da. Proiektu bakar bat abiaraziko da, lokal batzuk etxebizitza bihurtzeko. Baina ez besterik. Eta honek agerian uzten du EAJren interes falta”.

Udal Etxebizitzetan EH Bilduko ordezkaria da Ibaibarriaga. Nabarmendu duenez, 2015. urterako aurrekontua %2 murriztuko da. 2013. urtean izandako murrizketa izugarria kontuan hartuta, %29 murriztu egin da azken urte bietan. Udal Etxebizitzetako aurrekontua 27.500.645 eurotakoa izatetik 19.477.799 eurokoa izatera pasatuko da bi urtetan.

Bozeramaile soberanista are kritikoago azaldu da inbertsoen kapitulua baloratzerakoan. “%50 murriztu dute 20013az geroztik”.

 

Deskapitalizazioa

Horrekin batera, Udal Etxebizitzetatik beste proiektu batzuetarako dirua hartu izana "kezkagarria" dela adierazi du Ibaibarriagak. “Lehenengo aldiz legegintzaldi honetan Udal Etxebizitzak deskapitalizatu izana larria dela uste du EH Bilduk. 5.000.000 euro bideratu da Deustuko kanala ireki eta Zorrotzaurre bezalako proiektu espekulatzaile bat finantzatzeko”.

Horrenbestez, EAJri eskatu dio “erabateko aldaketa” egin dezala Udal Etxebizitzak kudeatzeko ereduan, eta “apustu irmoa” egin dezala alokairuzko etxebizitza publikoaren alde.