Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak erakundearen bidez, Artxandan aurkeztu ditu gaur 11nako eta 7nako futbol-zelaietan egindako eraldaketak; baita 50 pertsonarentzat lekua duten harmaila berriak ere. Era berean, aldageletan eta harmaila nagusien azpian zeuden hezetasun-problemak konpondu dituzte.
Ekitaldian gobernu-taldea egon da, Areso alkatea udalkideen buru egon dela. Obrek ia hilabete bi iraun dute.
Bilboko Udalak ia 350.000 euro inbertitu ditu obra hauetan.
Futbol-zelaien eraldaketa
Artxandako kiroldegiko 11nako eta 7nako futbol-zelaiak eraberritu dituzte, belar artifiziala aldatu dute futbol-zelai bietan eta harmaila berriak eraiki dituzte 7nako futbol-zelaian.
2002an jarritako belar artifiziala kendu eta horren ordez hirugarren belaunaldiko belar artifiziala jarri dute, belar zaharra urratuta zegoelako eta zelaien alboetan ura ebakuatzeko sisteman anomaliak zeudelako. Horiek horrela, planimetriako eta saneamenduko jarduketak burutu dituzte.
Hauek dira eraldaketa egin ondoren futbol-zelaien neurriak:
• 11nako futbol-zelaia: 106,00 m x 66,00 m ⇒ Azalera = 6.996,00 m2
• 7nako futbol-zelaia: 53,00 m x 35,50 m ⇒ Azalera = 1.181,50 m2
7nako futbol-zelaian harmaila berriak
Artxandako futbol-zelaiak erabili ohi dituzten Moraza eta La Merced klubek eskatu zuten harmaila berriak egitea 7nako futbol-zelaian. Horrela bada, eskatutakoari erantzunez, harmaila berriak egin dira ikusleak haizetik eta euritik babestu ahal izateko. 50 pertsonentzako lekua dute zelaiaren hegoaldean dauden harmaila berriek. Gutxi gorabehera, 11 metro luze eta 4 metro zabal dira.