Luis Fuentes: “Felixen ereduak CNTko bidea markatuko du beti”

uriola.eus 2014ko urr. 20a, 10:18

CNT sindikatuak Felix Padin, hilak 7an zendutako militante historikoa, omendu zuen larunbatean. Ekitaldia Artxandako La Huella monumentuaren ondoan izan zen, frankismoaren kontra borrokatu zuten guztien oroimenez eraikitako gunean.

Larunbat goizean txalaparta soinuak, Padinen argazkiaren aurrean dantzatutako ohorezko aurreskua eta “A las barricadas” eta “Hijos del pueblo” melodiak entzun ahal izan ziren. Felix-en omenez egindako ekitaldia, "askatasunagatik eta faxismoaren kontra bere bizitza eman zuten kide anarkosindikalista guztien borrokaren aldarrikapena" dela adierazi zuen Luis Fuentesek, CNTko idazkari nagusi ohia eta sindikatuko memoria historikoko berreskurapen komisioko kideak.

Era berean, Fuentesek gehitu zuenez, "militante hauen ereduak sindikatu honen bidea markatuko du beti” eta Felixen zigorgabetasun frankistaren aurkako konpromezua, “bere bizitza bukaera arte markatu zuena”, azpimarratu zuen.

Ekitaldian egondako euskal mugimendu memorialistaren ordezkariek ere aipatutako alderdi berak azpimarratu zituzten. Bestalde, Jose Ignacio Orejasek, sindikatu honetako kide eta historialariak, Felixen bizitzaren momentu esanguratsuenak gogoratu zituen: faxismoaren aurkako gerran CNTko batailoietan egon zenetik, Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruan Frankoren preso bezala pasa zen unera arte. ”Gure kideak frankismoan lan behartuak burutu behar izan zituen”, azpimarratu zuen.

Padinek testamentu bezala idatzitako olerkiaren irakurketarekin bukatu zen omenaldia. “Si algo en mí no muere, si algo al rojo fuego escapa, sea yo fragancia, polen, ritmo, luz, idea libertaria”, irakur daiteke bere azken paragrafoan.