2015eko aurrekontuaren beherakadak 2014an Udalak jasotako "ezohiko egiturazko diru sarrerekin" lotura du Areso alkateak jakinarazi duenez. Besteak beste, Miribillan Udalak saldutako lursail baten 12 milioiek handitu dute aurten aurrekontua. Udal ordezkariek aurreikusitako zerbait zen 2015eko aurrekontua ez zela 2014ko mailara iritsiko.
2014an baino %4,5 txikiagoa den arren hurrengo urteko Bilboko Udalaren Aurrekontuen Proiektua -489,7 milioikoa-, Aresoren arabera baldintza "bikainetan" jasoko du Udala 2015eko udal hauteskundeen ostean osatuko den gobernuak. "Nahiko lukete korporazio askok guk utziko dugun herentzia jasotzea".
EAJ alderdiko zinegotziek 2015eko aurrekontua "ziklo oso ezkorraren amaierako" testuingu ekonomikoan prestatu dute, "hobekuntzaren hasieran" Aresoren hitzetan. Harro agertu da alkatea legegintzaldia "0 zorrekin" itxiko dela ziur baitago. Udaletxean eskaini duen prentsaurrean, Udalak gerrikoa "estutzen" jarraitu behar duela adierazi du. Aresoren aburuz, krisiak erakundeak berregokitzeko "onak" dira.
Udal Kutxako diru sarreren aurreikuspenak "ez direla bete" esan du Areso alkateak. Hortaz, "900.000 euro gutxiago ditugu", baina 2015erako 14,5 miloiko aurreikuspena du Udalak, "igoera garrantzitsua".
Inbertsioaren alde "gogor" apustu egiten jarraituko du Udalak 2015ean ere. Bideratutako aurrekontu partida txikiagoa bada ere, "inbertsioak ez direla gutxituko" nabarmendu du Aresok. Goi auzoen "desoreka" konpontzeko (esaterako, elementu mekanikoak ezartzeko Deustu, Atxuri, Zorrotza eta Arangoitin), Deustuko kanaleko zabaltze lanak aurreratzeko (6.9 milioi), Sabino Arana kaleko errekuperazio integrala gauzatzeko (5 milioi) edota Iralan trenbidearen lurperatze-lanak bukatzeko (1,9 milioi), besteak beste.
Pobrezia eta bazterketaren aurkako borrokorako partida handituko du Bilbok. %7,45ko igoera izango du, hain zuzen ere, 8.2 milioi euro bideratuko ditu Udalak 2015ean. Enpleguaren sustapenera, "dagoen laguntza onena lana erraztea da", 1.5 milioi euro eta etxegabeentzako aterpetxe berrien sarea osatzera 600.000 euro.
Aurkeztutako Aurrekontu Proiektuaren helburu nagusiak bi dira Aresoren esanetan. Batetik, zorroztasun ekonomikoa, aurrekontuen egonkortasuna eta gardentasuna bermatzea, "Udalaren kaudimena ez hipotekatzeko", eta bestetik, herritarren bizi-kalitateari eta hiriak ematen dituen zerbitzuei eustea, "bizitzeko, lan egiteko eta dibertitzeko hiri erakargarria eta segurua izaten jarraitzeko".
2015eko aurrekontuak negoziatzeko eta adosteko prest agertu da Areso alkatea, nahiz ez duen oposizioaren babes beharrik, onartuak izateko beharrezko den gehiengoaren jabe baita EAJ.
2015eko Aurrekontuen Proiektua