Joko maila askoz hobea erakutsiz, Guillermok berdinketa lortu du. Oreka, Iraizozen akatsa baliatuz, Quarsema beteranoak hautsi du. Laportek puntu bat urratzea gertu izan du baina azkenean esku hutsik itzuliko dira zurigorriak Dragao estadiotik. Orain, Txapeldunen Ligan geratzenn diren hiru partidetan, Europa Leaguen aritzeko txartela eskuratzea litzateke helburu nagusian. Gaurkoan berriro ere modu bikainean erantzun duten zaletuek begi onez ikusiko luketen saria da gainera. (2-1)
Giro nahasia zegoen dragoien gordelekuan, Lisboako Sportingen aurka Portugalgo Kopan jasotako porrotak, Lopetegi ere bere futbolarien lana ezbaian jarri du. Horren isla, norgehiagoka osoan zehar entzundako txistu eta oihuak. Egoera aldatu asmoz, grinatsu zelairatu dira portugaldarrak. Sendo, aurrez aurreko borroka guztietan gailenduz eta Athleticen presio lerroak aise gaindituz. Lehen minutuak bide horretatik joan dira eta Brahimik gola egiteko aukera ona izan du. Aljeriarrarekin batera, Tello eta Quinteroren mugikortasunak min handia sorrarazi die zurigorriei.
Kostata, lehoiek estualdia gainditu dute, lerroak aurreratu eta uzten zituen espazioak murriztu dituzte. San Josek areaz kanpo egindako jaurtiketak zutoinean jo ondoren bizkaitarrek pausu bat aurrera eman dute. Martins Indik Adurizi egindako ustezko penaltiak epailearen lan eskasari hasiera eman dio. Izan ere, Portoko erdiguneko jokalarien oldarkortasunak ez du zegokion zigorra jaso, bereziki Casemiroren kasuan. Aldiz, San Josek berehala ikusi du txartel horia. Lehoien arean ere, Laportek Jacksoni emandako bultzakadaren aurrean ere ez du ezer adierazi.
Berdintasuna nagusi zenean, larritasun askorik gabeko minutuak bilbotarren, Athleticek defentsan egindako beste huts batek Herrera mexikarraren gola ahalbidetu du. Atsedenaldia iristear zegoen eta azken partidetako mamu guztiek Dragao futbol zelaian azaldu dira. Maldan gora eta haizearen kontra, norberak egindako errakuntzen ondorioz. Egoera ikusita, Valverdek aulkia mugitu eta Beñat Etxebarria eta Muniain zelairatu ditu.
Bigarren zatian, Athleticen minuturik onenak
Aldaketek susperraldia eragin dute eta Beñatek taldearen gidaritza hartu du. Arratiarrak oso sentsazio positiboak helarazi ditu eta jokoak beste norabide bat hartu du. Zurigorriek Porto gainditu dute eta presioan egindako lanaren ondorioz iritsi da berdinketa. Beñatek pase bikaina eman dio Guillermori eta honek modu ezin hobean definitu du. Albiste zinez pozgarria klubarentzat harrobiko jokalariak sartutako gola. Bitartean, epaileak berriro ere nahi beste egur ematea baimendu dio Casemirori. Azkenean, Lopetegik aldatu du eta sinestezina den arren, zelaia txartelik ikusi barik utzi du brasildarrak.
Txistu eta protesten artean, Asteasuko entrenatzaileak etxeko publikoak eskatzen zion erreakzioa bilatu du. Ekinbide horretan, Ricardo Quaresma beteranoa izan da pizgarria. Mila batailetan aritutakoa, han eta hemen arazoak izan dituen hegaleakoa, talentuduna bezain bitxia. Portoko zaleek, pankarta eta guzti, bere estimua azaleratu diote eta Bartzelonako futbolari ohiak modu bikainean erantzun dio berotasun horri. Defentsako lan kolektiboak eta bereziki Gorka Iraizozek egindako huts egitea probestuz, partida bukatzeko hamabost minutu falta zirenean Portoren bigarren gola egin du Quaresmak.
Azken minutuetan, egindako lan fisiko ikaragarria igarriz, lehoiak berriro ere ezinean aritu dira. Lana erruz egin dute, besoak inoiz jaitsi gabe, baina esku hutsik itzuliko dira berriz. Laporteren burukada Fabianoren eskuetara joan da eta bertan amaitu dira berdintzeko aukerak. Partidaren amaieran, Jacksonek etxekoen hirugarren gola sartzea eskura izan du, baina honek ere ez du asmatu.
Txapeldunen Ligako hiru partida jokatu eta puntu bakarra eskuratu ondoren, zazpi dituzten Shakhtar eta Portorengandik urruti da Athletic. San Mamesen dragoien aurka jokatu beharreko partidan erreko ditu dituzten zurigorriek euren azken aukerak baina egia esan helbururik errealistena hirugarren postua lortzea da orain. Europa League-ren bidetik aurrera jarraitzea ez da sari eta apustu txarra klubarentzat.
Argazkiak: UEFA.com