Porrotik jaso barik kantzaratu ziren Bilbao Basket eta UCAM Murcia eta lehia orekatua espero zen Miribillan. Horrela izan zen hasieratik atsedenaldira arte. Etxekoak markagailuan aurretik ibili ziren baina errenta handiak lortu barik (20-19 lehenengo laurdenaren amaieran eta 42-35 aldageletako bidea hartzeko momentuan).
Partiduari berriz ekin ziotenean, etxeko taldeak defentsa zeharo estutu zuen. Sito Alonsok argi du norgehiagokak defentsatik irabazten direla eta beltzezko gizonek euren zuzendariaren aginduak ondo bete zituzten. Murtziak ezin izan zuen lehenengo zatiko jokoa isladatu eta azkenengo laurdena hasi baino lehen 15 puntukoa zen diferentzia etxekoen alde.
Kanpotarrak erreakzionatzen saiatu zuren baina alferrikakoa izan zen euren esfortsua. Azkenena zortzi puntuko diferentzia markagailuan, 82-74.
Tobis Borg eta German Gabriel izan ezik (azkenengo honek ez zuen jokatu baina badirudi taldean geratuko dela, denboraldi honetarako kontratua baitu) Bilbao Basketeko jokalari guztiek puntuak sartu zituzten. Dairis Bertans letoniarra izan zen saskiratzaile nagusia 16 punturekin, baina nabarmentzekoak izan ziren ere Quino Colom (11 puntu, 6 errebote, 6 asistentzia), Alex Mumbrú (12 puntu), Marko Todorovic (11 puntu) eta Axel Hervelle (8 puntu, 7 errebote). Ethan Wraggeren debuta ere aipagarria da, bere lesiotik guztiz errekuperatuta ez dagoen arren.
UCAM Murciaren aldetik, Radovic 17 puntu eta 7 errebote lortuta nabamendu zen. Bamforth (14 puntu) eta Netok (13 puntu) ere lehia txukuna burutu zuten.
Gauzak horrela, Bilbao Basketek konfiantzaz beteta Laboral Kutxa Baskoniari egingo dio bisita datorren igandean, gaueko 20:45tan denboraldiko lehenengo euskal derbian.
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga