Bilboko PPren egoitza dela eta, EH Bilduk popularren "iraganeko eta oraingo" gezurrak salatu ditu

uriola.eus 2014ko urr. 22a, 12:40

Argazkia: Google

Luis Barcenas Alderdi Popularreko diruzain ohiaren inguruko ikerketak datu berriak azalerazi ditu. Datuok, batetik, PPko ministro eta idazkari nagusi ohi Angel Acebes inputatzera eraman dute eta, bestetik, beste B kontu bat badagoela erakutsi dute. EH Biduren esanetan, kontu horren bitartez, "dirudienez, alderdi honek Bilboko Kale Nagusian duen egoitza erostera bideratu ziren".

Honen aurrean, EH Bilduk salatu egin nahi du ustelkeria "erabatekoa" dela gobernu espainiarraren gidaritzan dagoen alderdiaren eremu guztietan, Euskal Herrian "iraganean zein gaur egun dituen karguak ere" inplikatuak diruditela.

PPko buruzagiak "gezurretan aritu dira, iraganean edo oraingoan". Izan ere, Arantza Quiroga EAEko presidentearen adierazpenak gogora ekarri ditu EH Bilduk. Duela urtebete esan zuen Genovatik "gastuetarako transferentzia" jasotzen zuela, eta horretatik Bilboko egoitzarako hipoteka ordaintzen zutela. Iñaki Oyarzabalek, aldiz, eta epe berean idazkari nagusia zela, ziurtatu zuen Euskadiko PPk bere kabuz ordaindu zuela "lehen eurotik azkenekora" Bilboko egoitzaren hipoteka.

"Nabarmena da alderdi honetako buruzagien etika gabezia, eta are larriagoa da Gasteizko alkateak eta egungo idazkari nagusi Nerea Llanosek eginiko adierazpenak egiten dituztenean". Hala, azken honek laguntzak jasotzen dituztenen inguruan "aurpegi gogorrez" eta "aprobetxategiez" hitz egin du, besteak beste, Marotok oinarrizko errentaren "onuradunen irregulartasunak" salatu ditu behin eta berriro. "Ke lainoa besterik ez da, PPko karguek, dirudienez EAEkoak barne, diru publikoa lapurtzen duten bitartean jendeak beste nonbaitera begira dezan".