Begoñako igogailua kultur ondare gisa aintzat hartzeko eskatuko du Udalbatzak

uriola.eus 2014ko urr. 30a, 17:09

Eztabaidan eta adosten eman dute goiza Bilboko zinegotziek urriko Udalbatzako Osoko Bilkuran. Gizarte laguntzek sortu dute tirabira gehien eta giroa berotzera iritsi dira. Hainbat gai adostera ere heldu dira, besteak beste, Begoñako igogailua babesteko, makro-diskotekak hiriguneetan ez zabaltzeko edota Gazara laguntza bidaltzeko. 

Gizarte laguntzen eztaibada beroa izan da kolore guztietako zinegotzien artean. EH Bilduk Udal Gobernuari eskatu dio 2014 urtean jasotako Gizarte Larrialdietarako Laguntzako (GLL) eskari guztiei erantzuteko beharrezkoak diren diru-partidak berma ditzala, "berriro ere agor ez daitezen". PPk aldiz 2010-2013 bitartean GLL justifikazio gabe jaso dutenei laguntza erreklamatzeko eskatu dio (1,8 milioi euro popularren arabera) Udal Gobernuari. Batzuen eta besteen hitzen tonuak gora egin du nabarmen eta elkarri "iruzur" egitea leporatu diote. Azkenik, EAJren zuzenketak egin du aurrera, non Gizarte Larrialdietarako Laguntzak bermatzeko konpromisoa hartu duen Udalbatzak.

Begoñako igogailua

Kultur ondare gisa aintzat hartzea eskatu du Udalbatzak aho batez. Hortaz, Udal Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio Begoñako Igogailua babes dezala Euskal Kultur Ondarearen inbentarioan monumentu kategoriaren baitan. Honetaz gain, Udal Gobernuari aginduko dio igogailuaren kontserbazioa bermatzeko beharrezkoak diren babes-kalifikazioak eman eta eskatzeko.

Begoñako Igogailua Rafael Fontan arkitektoak diseinatu zuen eta 1949an martxan jarri zen. Azken urteetan igogailuak hondatze progresiboa eta azpiegituraren mantentze eza jasan ditu. Bestalde, hartxintxarren askatzeak gertatu dira, "zorionez, kalte materialak soilik sortuz", EH Bilduren esanetan.

HAPOA eta Ostalaritzaren gaineko Ordenantza aldatuko dira

Eztabaida izan da Osoko Bilkuran Deustun 2.000 lagunentzako makro-diskoteka bat zabaltzeko lizentzia eskaria dela eta. Azkenik, EH Bilduren proposamen bati eginiko EAJren zuzenketa onartu du Udalbatzak eta ondorioz HAPO eta Ostalaritzaren gaineko Ordenantza aldatuko dira "bizi-gunetan makro-diskotekak ez zabaltzeko" xedearekin. Egingo diren aldaketek aforoa izango dute kontutan. "Orain arte lizentziak ezartzeko orduan irizpide berdinak baliatu izan dira 300 pertsonako Kafe Antzoki batentzat zein 2.000 pertsonako dantzaleku batentzat, inguruan duen eragina erabat ezberdina izanik", EH Bilduren esanetan. Aldaketak egin bitartean, egun bideratuta dauden lizentzia guztiak bertan behera geratuko dira.

Gazara laguntza

Israelek suntsitutako nekazal azpiegiturak berreraikitzeko diru-laguntza bat bideratuko du Udalak, EHBilduren eskariz. Joan den udan Israelgo armadaren bonbardaketek Palestinan suntsitutako nekazal azpiegiturak berreraikitzeko lanetan laguntzeko berezko larrialdiko dirulaguntza igortzea adostu du Osoko Bilkurak.