Bilboko Udalak, Gizarte Ekintza Sailaren bitartez, gaua esparru publikoan igarotzen duten etxegabekoen kontaketa egin zuen asteazkenetik ostegunerako gauean, EAEko hiru hiriburuetako udalek, Foru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta hainbat gizarte erakundek 2015ean argitaratuko duten bigarren “EAEn bizitegi-bazterketa larria bizi duten pertsonen inguruko azterlana”-ren oinarri gisa.
Donostian, Gasteizen, Barakaldon, Getxon, Irunen, Laudion, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon ere egin den aldibereko kontaketa honen helburua, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria-gune nagusietan dauden etxegabeko pertsonen errealitatearen irudi zehatza lortzea izan da.
Bilboren kasuan, azken hau, hiriko etxegabekoen egoera egiaztatzeko egin den hirugarren kontaketa da. Gauez egindako tamaina honetako lehen kontaketa 2010ean egin zen, eta bigarrena 2012ko urrian, EAEko hiru hiriburuetako udalek, Foru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta hainbat gizarte erakundek elkarlanean landu zuten “EAEn bizitegi-bazterketa larria bizi duten pertsonen inguruko azterlana”-ri atxikita.
Horrez gain, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak aldian aldiko zenbaketak egiten ditu hiru hilabetez behin, bizitoki-bazterketa larrian dauden pertsonen arazoei aurre egiten lagunduko dion informazioa une oro eguneratuta izateko asmoz.
Kontaketaren emaitzak
Oraingo honetan, kontaketa asteazkeneko 20:00etan hasi eta osteguneko 01:00etan amaitu zen, aterperik gabe, erabilera publikoko esparruetan eta bestelako leku desegokietan gaua ematen ari ziren adin guztietako pertsonak aurkitzeaz arduratu ziren 205 boluntarioren laguntzaz
Hiru ordu horietan, teilaturik gabeko 132 pertsona aurkitu zituzten (110 gizon, 15 emakume eta zehaztu gabeko beste 7), gaua Bilboko kaleetan igarotzen ari zirela. Datu hau 2012ko urrian izandakoa baino %10,8 txikiagoa da.
Aurkitutako pertsona gehienak, %38,4 zehazkiago esanda, 8. Barrutikoak (Basurtu-Zorrotza) dira; %21,2 7. Barrutikoak (Errekalde), eta %16,7 6. Barrutikoak (Abando-Indautxu). 2012an, aurkitutako pertsona gehienak Deustukoak ziren, %20,9.
Inkestak
Zenbaketaren aurreko asteetan, boluntarioei zuzendutako prestakuntza eta gaikuntza arloko jarduerak antolatu ziren, eta kontaketa hasi baino ordubete lehenago, Bilboko planoak eman zizkieten, baita aurkitutako pertsonen oinarrizko ezaugarri soziodemografikoak ezagutzeko aldez aurretik landutako galdetegi baten kopian ere.
42 galderez osatutako itaun-sorta horiek etxegabekoen osasun-egoera, egoera administratiboa eta harreman sozial nahiz familiarrei buruzko datuak biltzen dituzte, eta aurkitutako pertsonen oinarrizko identifikazio eta kopapen datuak zehazteko behaketa-fitxa bat daramate.
Galdetegia esnatuta eta elkarrizketari erantzuteko prest zeuden pertsonen kasuan baino ez zen egin. Baldintza hauek betez, aurkitutako pertsonen ia %42ri dagokien 55 itaun-sorta bete ziren guztira.
Bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonen kontaketa egiteko, ETHOS (European Typology on Homelessness and Housing Exclusion) izeneko metodologia bateratua erabili da, Etxegabeko Pertsonekin lan egiten duten Nazio Erakundeen Federazioak (FEANTSA) garatutakoa. Metodologia horrek lau kategoria kontzeptal bereizten ditu (teilaturik gabeak, etxerik gabeak, etxea kolokan dutenak eta etxe desegokia dutenak), eta kategoria horietatik abiatuta, 13 kategoria operatibo desberdin.
Donostian, Gasteizen, Barakaldon, Getxon, Irunen, Laudion, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon ere egin den aldibereko kontaketa honetan bildutako emaitzak oinarritzat hartuta, 2015ean argitaratuko den “EAEn bizitegi-bazterketa larria bizi duten pertsonen inguruko azterlana” delakoaren bigarren edizioa landuko da.