Santi Brouard eta Josu Muguruza gogora ekarriko dituzte haien heriotzaren 30 eta 25. urteurrenean

uriola.eus 2014ko aza. 14a, 10:43

Bihar, azaroak 15, omenduko ditu Sortuk ezker abertzaleko bi militanteak, euren erailketatik 30 eta 25 urte beteko direnean. Hitzordua Euskalduna jauregian izango da, 18:00etan, `Apur ditzagun kateak´ lelopean.

Urtez urte egin bezala, aurten ere, Sortuk ezker abertzaleko bi kide hauek omenduko dituela jakinarazi zuten azaroaren 4an egindako prentsa agerraldian Marribi Ugarteburu eta Pernando Barrenak; ezker abertzaleren "baitan egindako ekarpen humano eta politikoagatik".

Bi heriotza hauek Espainiako Estatuaren "gerra zikinaren" ondorio izan zirela azpimarratu zuten eta jarrera hori oraindik ere "ez dela desagertu" argi daukate.

Mahaigaineratu zutenez, "Estatu espainiarreko gobernu ezberdinek hamarkadetan garatu dute gerra zikina eta errepresioa gatazkaren konponbide politiko eta demokratikoa ekiditeko; Euskal Herrian bakea egonkortzea eragoztea, euskal herritarrok gure geroaren jabe izatea saihesteko. Estrategia horren biktima ditugu Santi eta Josu".

Duela 35 urte eman ez zen haustura demokratikoa egun "ezinbestekoa dela" gehitu zuten, "Espainiarekin kateak hautsi behar ditugu gure geroaren jabe egiteko eta independentzia eta sozialismoari ateak irekitzeko".

Santi Brouard medikua, politikaria eta euskararen aldeko militantea izan zen. 1984eko azaroaren 20ean, Luis Morcillok eta Rafael Lopez Ocañak tiroz hil zuten bere pediatriako kontsultan, Bilbon.

Ondorengo ikerketek bi hiltzaileak identifikatu eta auziperatu zituzten, baina Auzitegi Nazionaleko epaile batek libre utzi zituen 1999an. Hainbatek salatu zutenez, hilketa hura Espainiako gobernuak 1980ko hamarkadan aurrera eramandako estatu terrorismoaren operazioetako bat izan zen.

Luis Morcillok 2013. urtean aitortu zuenez, berak egin zion tiro Brouardi, eta Guardia Zibileko teniente koronel Rafael Masak eman zuen hilketa egiteko agindua.

Josu Muguruza kazetaria eta politikaria izan zen. 1984ko azaroan Tasio Erkizia ordezkatu zuen Madrilgo gorteetan Herri Batasunako diputatu moduan. 1989ko azaroaren 20ean, Brouarden hil eta bost urtera, Madrilgo Alcala Hotelean bere alderdiko beste kide batzuekin parlamentuko lana prestatzen ziharduela, armaturiko bi lagunek tiro egin zioten eta hil egin zuten. 

Zohardia dokumentalaren aurkezpena

Azaroaren 20an Josu Muguruzaren erailketaren 25 urteurrenean, Lander Iruin eta Markel Andiak ‘Zohardia’ izeneko dokumentala estreinatuko dute Josuren auzoan, Errekalden. Hiru egun lehenago, azaroaren 17an, Campos antzokian ikusi ahalko da.

Josu Muguruzaren figura "berreskuratu eta ezagutaraztea" helburu du dokumentalak. Batik bat, publiko gaztearen artean, Markel Andia eta Lander Iruin egileen esanetan, gazteek "asko ez baitakite".

Memoria egitea "beharrezkoa" den garaian, dokumentalak Muguruza definitzen duen ‘Madrilen hil zen diputatua’ kontzetua aldatzea du xede, bere ibilbide labur bezain "gorabeheratsuan" oinarrituta. 70eko hamarkadako Errekalde auzoko arazo sozialetatik hasi eta eta Euskal Herri mailako konpromisoetara".

 

[2014/11/05] ‘Zohardia’: Josu Muguruza berreskuratu eta ezagutarazteko dokumentala