Izan ere, zuri-gorriek galtzen badute eta Shakhtarrek, Ukranian, BATEri irabaziz gero, matematikoki Txapeldun Ligatik kanpo geratuko da Athletic. Egoera latz hauetan lehoiek bere indar guztia atera ohi dute. Txingurrik atzo esan baitzuen presiopean talde honek bere onena ateratzen badakiela.
Joaneko partidan, galdu arren, jokalariek lan ona egin zuten. Abiapuntu hori kontuan hartuz, eta aste honetako garaipenak ikusita, baikortasunez helduko diote gaurko norgehiagokari. Aste ederra borobiltzeko aukera dute, hasierako zalantzak eta ikarak behingoz alde batera utziz. Helburu hori lortzeko zaleen indarra alboan edukiko dute, laguntzeko prest, bizirik jarraitzeko eta ligaxkako lehenengo garaipena eskuratzeko.
Aurrean talde gogor bat egongo da, Julen Lopetegiren Porto. Zuri-gorrien antzera beraien azkenengo bi partidak irabazi dituzte, eta Portugaleko ligako lehenengo postura hurbildu dira. Maila ederrean helduko dira Bilbora, eta Tello, Jackson Martinez, Herrera edta Brahimiren gaitasunak egunotan behin eta berriro ikusi ditugu. Hala ere, igandean, Txingurriren mutilak talde on bati irabazteko gai direla erakutsi zuten.
Baina, gaurkoan, ez da Aritz Aduriz egongo taldea gidatzeko. Bere ordez Guillermo egongo da aurrelari postuan, joan den asteko gola berriz sartzeko irrikarekin. Varverdek aldaketak egongo zirela adierazi zuen atzo prentsa aretoan, baina ez zuen izenik aipatu. Min hartu zuten jokalariak, edo maila eskasean daudenen artean txandatzeak egon daitezke.
Ernesto Valverdek honako deialdia egin du: Iraizoz, Toquero, Aurtenetxe, Laporte, San Jose, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Bustinza, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, X. Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Viguera, Guillermo, Balenziaga eta Unai Lopez.