"Epaiak jurisprudentzia sortzen du sinbologia frankista guztiz desagerrarazteko"

uriola.eus 2014ko aza. 6a, 07:49

Bilboko Udala Sanchez Mazas kale-izendegitik kentzera behartu duen epaiak bide berriak zabalduko ditu Lau Haizetara Gogoan plataformak atzo eskainitako prentsaurrean adierazi zuenez. Bilboko Administrazioarekiko Auzi Epaitegiak emaniko sententziak jurisprudentzia sortuko du eta, ondorioz, Euskal Herrian geratzen diren ikur frankistak desagerrarazteko hurrengo hileetan lanerako prest agertu da plataforma.

"Urrats txikia" da Lau Haizetara Gogoan lantaldeko Antxon Gomezentzat joan den urriaren 21ean Bilboko Administrazioarekiko Auzi Epaitegiak emaniko epaia. Bilboko Udala behartzen zuen epaiak Sanchez Mazasen izeneko pasealekuari Sanchez Mazasen izena kentzera. Udalak agindua bete zuen epaia ezagutu eta berehala. "Sinbologia kentzea bada ere Oroimen historikoren atalik ikusgarriena", urrats txiki honekin, egia eta erreparazio arloan "aurrerapausoak" emango direla uste du Gomezek, baina gogoratu du plataformaren helburua haratago doala eta "beste atal asko hortxe geratzen direla".

Epaiak ezarriko duen jurisprudentzia baliatzeko borondatea agertu du plataformak. "Halaxe egingo dugu hurrengo hileetan, lan handia bada ere, Euskal Herrian oraindik geratzen diren sinbolo frankistak guztiz desagerrarazteko". Auzibideari, "azken aukera gisa", plataformak ez dio uko egingo bitartekaritza eta kontsentsua bezalako prozedurek ez badute irtenbiderik ematen. Eta Borja Irizar abokatuaren esanetan, Sanchez Mazas pasealekuaren kasuan, ez dute beste irtenbiderik aurkitu: "Udalak auzibidera behartu gaitu".

"Asko" aurreratu da Euskal Herrian ikurrak kentzerako orduan Euskal Herriko mugetatik hurbil dauden herrietako kale-izendegiekin alderatuta. Herri askotan kale izendegiak eta ikurrak "frankista hutsak dira", Antxon Gomezen hitzetan. Zentzu horretan, "euskaldunok ez dugu flagelatu behar" eta "azken burura eman behar ditugu geratzen zaizkigun azken aztarnak".

"Ezetz, ezetz eta ezetz esan zigun"

Lau Haizetara Gogoan erakundearen batzartzeko eskariei ez zien erantzunik eman Iñaki Azkunaren udal gobernuak. Hiriko toponimiatik eta eraikin publikoetatik ikur frankistak kentzeko mezua helarazi nahi zion alkateari plataformak, Oroimen Historikoaren Legea betetzeko eskaria luzatu nahi zion, hain zuzen ere.

Lau Haizetara Gogoan plataformaren iritziz "gutxieneko legea" den arren, lege "herrena", oinarrian ikur frankistak erretiratzera behartzen ditu erakunde publikoak. Udalak, baina, entzungor egin zuen, "ezetz, ezetz eta ezetz esan zigun", gogoan du Gomezek. Horregatik duela lau urte eta erdi Bilboko Udalaren aurkako prozesu judiziala abiarazi zuen plataformak.

Erakundearen abokatu Borja Irizarrek Bilboko Administrazioarekiko Auzi Epaitegian demanda aurkeztean "hasi zen Udala hainbat sinbologia kentzen". Besteak beste, zezen plazan Franco jeneralari aipamen egiten zion azulejua estali zuen eta Solokoetxeko musika eskolan eta Derioko hilerrian ikur frankistak estali zituen zementuarekin. Baina  plataformarentzat "zementuarekin estaltzea ez da kentzea".

Sanchez Mazasen izena daraman pasealekua, Casilda Iturrizar parkean kokatua, izan da Lau Haizetara Gogoan eta Udalaren arteko tirabira nagusietakoa. Alkatetzari dagokio Bilbon kale-izendegiaren gaineko erabakiak hartzea eta, Azkunak "ez zuen inolaz kendu nahi". Plataformak "ez du ulertzen" Sanchez Mazas faxismoarekin "lerrokatutako" pertsona izanik, "EAJren Udala nola tematzen den horrelako gaietan eta 2014an, oraindik orain, Bilboko kaleetatik ikur frankistak kentzeko urratsak zergatik ez dituen eman".

Lau Haizetara Gogoanen ordezkarien hitzetan EAJ alderdiak "argitu behar du zergatik udal batzutan jarrera bat hartzen duen eta beste udal batzutan beste jarrera bat". Esaterako, zergatik Basaurin diru partida bat bideratu duen ikurrak kentzeko eta Bilbon ez. Borja Irizar abokatuak ez du ulertzen udal batzuen "mesfidantza", batik bat jarduera politikoa bideratzen duten udal "handiena", gizarteak "onartua duen legea" betetzeko. Egoera horrek "behartzen ditu oroimenaren berreskurapenaren aldeko elkarteak auzitara".

Etxebizitza Institutu Naziolaren ikurrak erretiratzeko deia

San Inazio, Errekalde eta Santutxu bezalako auzoetako etxebizitzetan ugariak dira frankismo garaiko Espainiako Etxebizitza Institutu Nazionalaren ikurrak. "Zorioneko plakak bazter guztietan daude", zioen Antxon Gomezek. Lau Haizetara Gogoan plataformako bere kide Iñaki Astorekaren esanetan "plaka eredu ezberdinak dira garai frankista oroitzen dutenak". Plataformak hiritarrei dei egin die "euren borondatez eta kontzienteki" plaka horiek "erretira dizaten". Horrela "urteetako zapalkuntzaren zantzuak desagertuko dira". Astorekak erantsi zuenez, ez erretiratzeak Oroimen Historikoaren Legea ez betetzea dakar eta horrek etxebizitza komunitatea diru laguntza publiko gabe utz dezake. "Honekin ez gara komunitateak behartzen ari", plataformaren xedea "informatzea baino ez da", argitu zuen Astorekak.

Ogasunaren eraikineko ezkutua

2011ko otsailean Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Bilbon Espainiako Ogasunaren egoitzan, eraikinaren goialdean dagoen ezkutu frankista kentzeko eskaria; erantzunik lortu gabe. Ezkutuak bere lekuan jarraitzen du egun. Borja Irizar plataformaren abokatuak adierazi zuenez eraikina beste administrazio bati dagokio, eta "jarduera judiziala berari zuzendu behar zaio". Hau da, Ogasun Ministeritzari. Demanda aurkeztu baino lehen, "konfidantza botoa emango diogu Udalari beharrezkoa den presioa ezar diezaion ikur hori existitu ez dadin". Hortaz, Irizarrek pilota Udalaren teilatu gainean utzi du.

 

 

[2014/11/05] Udala Sanchez Mazas kale izendegitik kentzera behartu zuen epaiak ahalbidetzen dituen ekimen berriak

[2014/10/21] Sanchez Mazas izena erretiratu eta gero, Eusko Jaurlaritzaren izapidea betetzea eskatu du EHBilduk

[2014/10/20] Epai baten ondorioz kendu du Bilboko Udalak Rafael Sanchez Mazas pasealekua kale-izendegitik

[2014/07/18] Frankismoaren ikurrak Bilboko kaleetatik kentzea exijituko dute

[2014/06/24] Gure Etxea: zenbat urte pasa behar dira Bilbon ikur frankisten legea ezartzeko?

[2014/06/17] IBAIZABAL: Frankismoko Krimenen Aurkako Euskal Plataforma

[2014/05/26] Kasu historikoa; Gernikako epaileak frankismoaren biktimei entzun die

[2014/04/15] Plaka frankistak Zorrotzako atarietan

[2014/04/14] Ikur frankistak dituzten Zorrotzako atarien zerrenda pasatu diogu Udalari erretira ditzan

[2014/04/14] Begirune txikia historiari, handia frankismoari

[2014/04/14] Bilboko Alkateak, frankistak eta demokratikoak, batera berriro udaletxean

[2014/04/10] IBAIZABAL: Bilboko alkate frankisten margolanak

[2014/04/08] Alkate frankistak demokratikoekin batera lekualdatzea Memoria Historikoaren Legea urratuko duen “sasi” aterabide bat da

[2014/04/08] Frankismo garaiko koadroak udaletxeko korridoretik kendu dituzte aldi baterako

[2014/02/27] Bilboko alkate frankisten koadroak ikusgai mantenduko dituzte

[2014/02/27] Frankismoko alkateen irudien kontrako konzentrazioa

[2014/02/26] Bilboko alkate frankisten koadroak Udalean geratuko dira

[2014/02/26] Bilboko alkate frankisten irudiak: debatea zabalik gaurko udalbatzaren atarian