Udaleko datu irekien zerbitzua abian da

uriola.eus 2014ko aza. 7a, 11:07

Datuak eskuratzeko web zerbitzu berri honek edozein erakunderen edo erabiltzaileren esku jartzen ditu udal datu publikoak, ondoren aztertu, hedatu eta berrerabiltzeko. 

Bilboko Udalak ‘Bilbao Open Data’ datuak eskuratzeko web zerbitzu berria abiarazi du bilbao.net atariaren barnean, udal datu publiko guztiak edozein erakunde edo erabiltzaileren esku jartzeko asmoz. Horiek legezko edozein helburutarako aztertu, hedatu eta berrerabili ahalko dira, horrela, kudeaketa gardena izaten eta aberastasuna eta balio erantsia sortzen lagunduta.

‘Bilbao Open Data’ sortu eta abiarazteko gogoan hartu dira nazioarteko gomendioak eta gaur egun indarrean dauden Europako eta estatuko legeak. Ekimen honi esker, Bilbok, Open Data eta Hiri Adimendunei buruzko AENORen etorkizuneko araua lantzeko oinarritzat erabiliko den proiektu pilotuan parte hartzeko aukera izan du.

Datu publikoak formatu digitaletan, estandarizatuetan eta doan eskuratzeko aukera Bilboko Udalaren datu guztiei aplikatzen zaie, pribatutasuna, segurtasuna edo egile-eskubideak direla-eta inolako murrizketarik ez badaukate.

Une honetan, ‘Bilbao Open Data’k hainbat arlori buruzko 150 dataset edo datu multzo, guztira, behera kargatu eta berrerabiltzeko aukera ematen du. Hona hemen arlo horietako batzuk: garraio publikoa, aparkalekuak, ekipamendu publikoak, demografia, turismoa, ekonomia eta finantza adierazleak, udal aurrekontuak, lizitazioak, kontratazioa, obrak, ingurumena eta abar.

Datu multzoen hasierako kopuru hori etengabe gehitzen eta eguneratzen joango da, beti onura sozialeko, erabilgarritasuneko eta ekonomia eta antolaketa iraunkortasuneko irizpideak aintzat hartuta.

Horretarako, ‘Bilbao Open Data’k estandar libreak eta doakoak erabiltzen ditu —adibidez, CSV, XML, RDF, RSS, JSON, WMS eta WFS—, datu publikoen prozesaketa automatikoa ahalbidetzen dutenak, eremu publikoan, pribatuan eta komertzialean erabiltzeko.

‘Bilbao Open Data’ren helburuak

‘Bilbao Open Data’ abiaraztea aurrerapauso bat gehiago da Bilboko Udalak ondasun publikoen kudeaketaren arloko gardentasunaren alde egiten duen apustuan. Bilboko Udala Transparency International erakundeko Espainiako Taldeak prestatzen duen Udal Gardentasunaren sailkapeneko lehenengo postuetan agertu da behin eta berriz.

Alde horretatik, Bilboko Udalaren datuak eskuratzeko aukerak bi helburu ditu: batetik, Herri Administrazioaren arloko gardentasunaren aldeko apustu horretan sakontzea, datu irekiak aztertuz udal kudeaketa ebaluatzeko aukera erraztuta. Helburua Gardentasunari buruzko Legean ezartzen diren estandarrak bete eta gainditzea da, Bilbok hiri adimendun eta udal kudeaketaren jarduketa egokiaren erreferentzia gisa duen buruzagitzari lagunduta.

Bestetik, ‘Bilbao Open Data’k dokumentazioaren eta datuen sailkapenaren eraginkortasuna sustatzen du udal administrazioan, baita beste administrazio estamentu batzuekiko elkarreragingarritasuna ere, aplikazioen garapenari lotutako kostuak murriztuta. Izan ere, une honetatik aurrera, aplikazioak enpresa infomediarioekin batera diseinatu ahalko dira, dinamismo ekonomiko handiagoa emango duen erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetza esparruaren barnean.

Amaitzeko, Bilboko Udalaren datuak eskuratzeko aukerak berrerabiltzeko ekosistema bat sortu nahi du, emandako datuetatik aurrera garatzen diren produktuen edo zerbitzuen bidez, balioa eta aberastasuna sortzen laguntzen duena.

Alde horretatik, datu publikoen berrerabilera negozioa sortzeko iturria eta enpresen arteko lehiakortasuna bultzatzeko pizgarria izan daiteke, lortutako emaitzak monetizatzeko aukera ematen baitu.