Bihar hasiko dira Plaza Biribilaren berrantolamendurako lanak

uriola.eus 2014ko aza. 11a, 15:02

Bihar hasi eta apirilera arte luzatuko dira lanak. Obraren ondoren, plazako oinezkoentzako azalera % 50 handiagoa izango da: gaur egungo 1.200 metro karratuen ordez, 1.900 metro karratu izango ditu.

Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak Plaza Biribilaren berrantolamenduari ekingo dio, oinezkoentzako espazioa irabazteko eta bertan dauden hiri elementuen antolamendua hobetzeko asmoz. Plaza Biribila Bilboko zabalguneko leku enblematikoenetako bat da, eta zirkulu formadun morfologiari eutsiko dio. Halaber, hiriko auzo batzuetarako eta leku bisitatuenetarako abiapuntua izaten jarraituko du.

Egungo espaloiek zazpi metroko zabalera daukate. Obraren ondoren, plazako oinezkoentzako azalera % 50 handiagoa izango da: gaur egungo 1.200 metro karratuen ordez, 1.900 metro karratu izango ditu.

Plazan dauden lau espaloiak izango dira handituko dituztenak:

- Nafarroa kalearen eta Hurtado Ametzaga kalearen artean dagoen espaloiak bost metro gehitu, eta hamabi metroko zabalera izango du. Dagoen autobus geralekua kendu, eta, horren ordez, taxi geralekua jarriko da. Galtzadan zegoen metroko tunelaren aireztapen saretoa espaloi horretan kokatuko da. Horregatik, horren ordez, egitura itxiagoa daukan beste bat jarriko da, oinezkoak igarotzea errazten duena.

- Hurtado Ametzaga kalearen eta Kale Nagusiaren artean dagoen espaloiak 150 m2 gehiago hartuko ditu.

- Kale Nagusiaren eta Buenos Aires kalearen artean dagoen espaloiak 290 m2 gehiago hartuko ditu, eta, horren ondorioz, espaloiaren zabalera hamahiru metrokoa izango da. Lau ezki landatuko dira, espezie hori Kale Nagusian dauden zuhaitzen antzekoa dela.

- Buenos Aires kalearen eta Nafarroa kalearen artean dagoen espaloian, sortuko den espazio berria galtzadaren mailan jarriko da, eta bertan bai beira biltzeko kontainerra bai zarama zapaltzeko makina instalatuko dira lurpean. Era berean, bilketa lanetan kamioiak maniobrak egiteko behar duen espazioa antolatuko da.

Aurretik dauden espaloiei jarraipena emateko asmoz, orain dagoen zoladuraren antzekoa erabiliko da eta plazaren erdian dagoen On Diego Lopez Harokoren estatua zaharberrituko da, bere kontserbazio egoera hobetze aldera.

Zirkulazioa

Plaza Biribila berregiteko obrek Bilbobuseko 15 lineatan izango dute eragina, Bilbao-Bizkaia Turismo Bulegoaren aurreko autobus-geralekua desagertzean eta bestaldeko espaloiko -Laboral Kutxa eta Granja kafetegiaren arteko- geralekuaren luzera murriztean. Handik udal garraio-zerbitzuaren linea bakarra aterako da.

Hala ere, eragindako linea guztien autobusek inguruko geralekuetan gelditzen jarraituko dute eta lehengo ordutegi zein maiztasunei eutsiko diete une orotan -40 linearen kasuan izan ezik, ibilbidea luzatzen duelako-. Horretarako, geraleku berri bi ipini dira (Kale Nagusia, 2 eta Aiala, 2) eta aurretik zegoen beste bat handitu da (Mazarrego zumarkalea, 3). Egin klik hemen eta ikusi nola berrantolatuko den zerbitzua.

Plazaren erabiltze-eskubide publikoa Jabetza-Erregistroan inskribatzea eskatu du Bilduk

Gaur goizean egindako agerraldian, Aitziber Ibaibarriagak poza agertu du, EAJk merkatal gune bat eraikitzeko Plaza Biribilaren zati bat BBVAri oparitzeari uko egin izanagatik. Ibaibarriagak adierazi du “oso albiste ona” dela Bilborentzat eta “garaipen bat proiektu horren kontra agertutako auzokide, ekologista eta merkatarientzat”.

Gai honen inguruan etorkizunean iruzurrak ekiditeko, Ibaibarriagak Udalari eskatu dio 1965ean Banco Vizcayari irabazitako Plaza Biribilaren erabiltze-eskubide publikoa Jabetza-Erregistroan inskriba dezala. Aipatutako eskaera abenduaren 10eko udalbatzara eramango duela iragarri du EHBilduko eledunak.

Ibaibarriagak gogoratu duenez, EHBildu izan zen 1965. urteaz geroztik BBVAk udalarekin plaza publikoa bilakatzeko zuen konpromisoa azaleratu zuena. “Honekin batera, kasu honetan udal ordenantzetako 50. artikulua aplikagarria dela gogoratu behar dugu, hau da, edo zesioa eta plazaren itxiera. Baina hiritarren eskubide hau (plazaren erabilera publikoa) ez dirudi jabetza Erregistroan Udalaren alde inskribatua dagoenik edo hau esaten duen inolako dokumentu ofizialik dagoenik. Hirigintza eskubideak agortuta badaude ere, hirigintza zesioa ez dago inskribatuta. Inskripzio falta honek eskubidearen galera suposatu dezake, BBVAren proposamenean ikusi ahal izan dugunez”.

EH Bilduk Ogasunean (Ondarea) eta Hirigintzan (Hirigintza kudeaketa) galdetu du plazaren egoera juridikoa erregulatzeko zer egingo duten; zer egingo duten ondare publikoa eta hiritarren eskubideak defendatzeko.

Azkenik, Ibaibarriagak gogoratu du “norbanakoen nahi usurpatzaileen aurrean”, administrazioek legez beharrekoa dutela ondare publikoaren eskubideakdefendatzea.