Txente Askasibar eta Inma Berriozabalek ere, bide judizialetik eskatuko dute haien Euskal Herriratzea

uriola.eus 2014ko aza. 14a, 13:49

Euskal preso politikoen abokatuek argi daukate, Zaintza Epaitegi Zentralean kexa aurkeztuko duten 50 presoen kasuak ukatuz gero "bide judiziala osotasunean jorratzeko asmoa" dutela; beharrezkoa balitz, apelazioko helegiteak aurkeztuko dituzte Auzitegi Nazionalean eta ondoren, Konstituzionalera edota Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko dute egoerak hori eskatuz gero. 

Atzo eman zuten jakitera 50 euskal preso politiko inguruk bide judizialera jotzeko asmoa dutela, Entzutegi Nazionaleko Zaintza Epaitegi Zentralera alegia, haien kondena Euskal Herrian, etxetik gertu duten espetxe batean, betetzeko eskaera egiteko. Gaur, haien abokatuek agerraldia eskaini dute Bizkaiko Abokatuen Elkargoan eta azaldu dutenez, gaixo dauden sei preso eta 70 urtetik gorako beste sei egongo dira aipatutako taldean, beste 40 presorekin batera. Haien artean Txente Askasibar eta Inma Berriozabal bilbotarrak egongo dira.

Agerraldian Haizea Zilueta eta Iñaki Goioaga abokatuek hartu dute hitza esanez, duela hilabete batzuk, hainbat preso politikok eskaera indibidual bat egin zutela espetxe bakoitzeko tratamendu juntaren aurrean. Bertan, haien egoera pertsonala azaldu eta kondena Zabaiako espetxean bete ahal izatea eskatu zuten. Abokatuek adierazi dutenez, "eskaera horiek Estatuko legedian eta Estrasburgoko epitegiko sententzian oinarria bazuten ere, jasotako erantzun guztiak ezezkoak izan ziren; erantzun indibidualak baino orokorrak eta estandarisatuak jaso zituzten denek".

Eskaera hura egitean, presoek giza eskubideak bermatzea exijitzen zutela mahaigaineratu dute ere eta ez zutela " inolaz ere, onura penitentsiariorik lortu nahi".

Oraingoan, erabaki berri bat hartu dutela jakinarazi dute; bide judizialera jotzea. Entzutegi Nazionaleko Zaintza Epaitegi Zentralean 50 presok 50 kexa aurkeztuko dituzte, berriro ere banakako idazkietan, oinarrizko eskubide, giza eskubide eta kartzela eskubideak bermatzea eskatzeko eta haien egoeraren berri emateko. Dagoeneko hainbat kexa aurkeztu direla mahaigaineratu dute eta eskaeren artean gaixotasunak dituzten presoenak, 70 urtetik gorakoenak, 20 urteko espetxe zigorra bete dutenenak eta baldintzapeko egoeretan bizi direnenak daudela.

Bukatzeko gehitu dute, bide judizial honetan, "eman beharreko pauso guztiak emango" dituztela, eta behar izanez gero, Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko dutela. Era berean, asmoa, EPPK-ko kide guztiek eskaera berdina aurkeztea da.

Txente eta Inma

Inma Berriozabal 62 urteko santutxuarra 2008ko martxoan atxilotu zuten 18/98 makrosumarioaren harira eta 12 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Hala ere, aske utzi zuten pairatzen duen gaixotasun larriaren ondorioz, 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero. 2009ko apirilean berriro atxilotu zuten eta geroztik preso dago. Berriozabalek diabetea dauka eta ebakuntza ugari izan ditu. Espainiar legediaren 92. artikulua aplikatzea eskatu badu ere, ukatu egin diote. Artikulu horren arabera, Berriozabalek etxean egon beharko luke pairatzen duen gaixotasunagatik.

Aldiz, San Inazioko Txente Askazibarrek 73 urte dauzka. Egun, Topaseko (Salamanca) espetxean dago preso. Adinagatik eta adinari loturiko hainbat osasun arazogatik Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eskaera egin du. Askasibar 18/98 sumarioan epaitu eta zigortu zuten, bere militantzia politikoaren ondorioz. Hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Dagoeneko eskaeraren 3/4ak beteta ditu eta espetxean jarraitzen du goixo egonda ere.

 

[2014/05/30] Preso erien askatasuna galdegingo dute Azken Ostiralean

[2014/11/13] Dispertsioaren aurka kalera aterako dira Santutxun