Preso gaixoen etxeratzea exijitzeko manifestazioa egingo dute bihar Bilbon

uriola.eus 2014ko aza. 28a, 08:53

Bihar, azaroak 29, preso gaixoen askatasuna exijitzeko manifestazioa deitu dute. Martxa 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik eta Bizkaiko hiriburuko kaleak zeharkatuko ditu. Gaur, hileko azken ostirala izaki, herri eta auzoetan dispertsioaren aurkako ohiko elkarretaratzeak egingo dira.

Espainiar zein frantziar estatuen espetxe politikak ez dituela euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzen azaldu zuten preso gaixoen senide eta lagunek azaroaren 15ean egindako agerraldian, eta jarrera horrek ondorioak izan dituela; "Euskal presoen egoerak hobetu beharrean okerrera egin du. Zentzu honetan, gaixotasun larriak pairatzen dituzten euskal preso politikoen errealitatea gertatzen ari denaren egi lazgarria da".

Preso eriak legearen kontra espetxean mantentzen dituztela salatu zuten eta ondorioz, "agerian geratzen dela espainiar gobernuak giza eskubideekiko duen mespretxuak ez duela mugarik".

Preso horien egoera "oso kezkatzekoa" dela gogora ekarri zuten, espetxeetan ez baita osasun asistentzia duinerako eskubidea bermatzen; besteak beste, "konfiantzazko medikuen jarraipenerako oztopoak agerikoak dira eta gaixotasunak larriak direnean kartzelak ez du bitarteko nahikorik gaixotasuna era egokian tratatzeko".

Egoerak bere horretan jarraituz gero "itzulezina" izan daitekeen beste gertaera bat etor daitekeela azpimarratu zuten eta heriotza gehiagorik ez dutela nahi ozen diote. "Euskal Herrian gatazka politikoa betirako gainditzeko aukerak zabalik diren honetan, espetxe politika lehen baino beranduago aldatzea ezinbestekoa da".

Bukatzeko, Euskal jendarteak "sufrimenduaren atea itxi eta konponbidearen leihoa zabaldu nahi duela adierazten ari dela era anitzetan" gehitu zuten. Guzti horregatik, "bide honetan urrats gehiago emateko" azaroaren 29an, larunbata, "Giza eskubideak errespetatuz heriotza gehiagorik ez! Gaixo diren presoak etxean eta bizirik!" lemapean manifestazioa abiatuko da 17:30ean, Jesusen Bihotzetik.