Aurten, 27. edizioan, 8.000 partaide espero zituen Cycle elkarte antolatzaileak eta muga hori erraz gainditu zuten korrikalariek. Zehazki, 9.347 pertsona izan ziren Bilbori 10 kilometroko itzulia eman ziotenak.
Gainera, eguraldia lagun izan zuten. Ez zuen euririk egin eta horrek asko lagundu zuen bai korrikalarien animoa bai ikusleena pizten. Asko eta asko izan ziren kale bazterretan pilatu ziren hiritarrak Herri Kroseko partaideak txalotzeko eta babesteko.
Bi berrikuntza izan ditu aurtengo Herri Krosak. Batetik, korrikalariek Internet bidez izena emateko aukera izan dute eta horrela egin dutenek etxean jaso dute lasterketako kamiseta. Bestetik, partaideen argazkiak antolakuntzaren web gunetik erresoluzio handian deskartzeko aukera eskaini dute lehen aldiz. Hori ezohikoa ez den arren, Herri Krosak doan ematen duen zerbitzua da, eta hori da beste lasterketa batzuekin alderatuz, ezohiko egiten duena.
Helmugan, bizkorrenak, David Garcia (iaz ere txapeldun) 31:27 denborarekin eta BM-Bilbao Santutxuko Leire Medina 36:36 denborarekin izan ziren.