"Santi eta Josuren konpromiso altruista bizirik iraunarazteko"

uriola.eus 2014ko aza. 20a, 15:03

Ametzolan eta Errekalden Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoratzeko gaur buruturiko omenaldietan, bi hilketen erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diote Espainiako Estatuari eta, euskal herritarrek abiarazitako garai "ilusionagarrian", bakearekiko konpromisoari "arduraz" erantzuteko eskatu diete "instituzioei zein instituzioetatik kanpoko daudenei". "Gehien galdu dutenek egin badute zuek zergatik ez", adierazi du Egiari Zor elkarteko Nagore Mujikak. Ezker abertzaleko lagun ugari bertaratu dira bi ekitaldietara, baita PSEko presidente Idoia Mendia eta Bilboko alkateorde Ibone Bengoetxea ere, lehen aldiz.

30 eta 25 urte betetzen dira gaur Santi Brouard eta Josu Muguruza erail zituztenetik eta euren senide eta lagunek, urtero legez, euren "konpromiso altruista bizirik iraunarazteko" omenaldi beroa eskaini diete: "Bi gizon maitagarri gogora ekartzeko, dena eman zuten gatazkaren konponbide justu eta demokratikoaren alde gure herriak bakeranzko bidean aurrera egin zezan".

Lehen ekitaldia Ametzolan izan da eta ezker abertzaleko kideek ez ezik lehen aldiz parte hartu dute PSEEko presidente Idoia Mendiak eta Bilboko Udaleko ordezkaritzak -Ibone Bengoetxea alkateordeak eta Andoni Aldekoa Alkatetzako zuzendariak-. "Txalotu" egin ditu Egiari Zor elkarteko eledun Nagore Mujikak Bilboko Udalaren eta Eusko Legebiltzarraren jarrera. "Balio handia du politikoki eta sinbolikoki", esan du Mujikak Udalak Santi Brouarden omenez azaroaren 26an egitekoa duen ekimen instituzionalagatik -Brouard alkateorde izan zen-, eta gaur goizean legebiltzar kanpoaldean dagoen terrorismoaren biktimei eskainitako monolitoan Santiri eginiko omenaldi instituzionalagatik -Brouard legebiltzarkide izan zen-.

Ezberdinen arteko "gehitzea eta hurbiltzea" baikortzat jo dituzte ekitaldian eta "esertzeko eta batzartzeko" prestutasuna azaldu dute "etorkizun hobea eta denontzako bake justuagoa lortzeko". Mujikak zehaztu duenez, "indarkeriaren jatorria dela eta, inor baztertu gabe. Minak ezin du bakerako oztopo izan. Ezberdinen kontaketak beharrezkoak dira, egia guztiak".

Estatuari hitz gogorrak zuzendu dizkiote agerraldian. "Egia eskatzen dugu eta Santi eta Josu nork hil zituen eta agindua nork eman zuen jakin nahi dugu". Bi erailketetan Estatuaren "ekitza zuzena" izanik, "erantzukizuna bere gain har dezala eskatzen dugu".

Estatuak "oraindik orain" indarkeria erabiltzen duela gogorarazi dute, "torturatuz, errepresioa aplikatuz, karetan lurperatuz edota egia desitxuratuz. Horregatik, "nahiko da", esan du ozen Nagore Mujikak. "Ilusionagarria" den garai berrian, "arduraz" jokatzeko eskatu die instituzioei eta instituzioetatik kanpo daudenei. "Urrats garrantzitsuak" egiteko sasoia dela plazaratu du Mujikak eta bakearen konpromisoari bizkarra eman dietenei "gehien galdu dutenek egin badute zuek ere" aurpegiratu die.

Agurra dantzatu ostean, Edurne Brouard, Ane Muguruza eta Elena Bartolomek krabelin gorri bana utzi dute Ametzolan Santi Brouard omentzen duen eskulturaren ondoan, ikurrina baten gainean. Ostean, beste horrenbeste egin dute Hasier Arraizek, Rufi Etxeberriak, Maribi Ugarteburuk, Pernando Barrenak eta ehunka lagunek.

"Aupa Santi, aupa Josu" oihuak, txaloak eta Eusko Gudariak abestuz bukatu da Ametzolako ekitaldia.

Eguerdian, Errekaldeko plazan, Josu Murugurzaren oroitarrian, agurra eta lore eskaintza errepikatu dituzte.

 

[2014/11/20] Brouard eta Muguruza gogora ekarriko dituzte egitasmo ezberdinekin

[2014/11/14] Santi Brouard eta Josu Muguruza gogora ekarriko dituzte haien heriotzaren 30 eta 25. urteurrenean

[2014/11/17] ‘Zohardia’: Josu Muguruza berreskuratu eta ezagutarazteko dokumentala