Urte luzez abenduaren 21ean ospatu izan den azoka, aurtengoz egun bat lehenago egitea proposatu zuen BBK-ko Gizarte Ekintzak. Baina San Tomas Azoka larunbatera aurreratzeak "Alde Zaharreko bizilagun, merkatari eta ostalarien artean sorturiko zalantzak" kontuan izanda, aldaketa berri bat eman da. Antolatzaileek beraiekin berba egin dute, baita baserritarrekin ere, guztien zalantzak eta eskaerak entzun eta gero abenduaren 22an, astelehena ospatzea erabaki dute.
San Tomas Azokaren helburua jai-giro atseginean erakusleen merkataritza-jardueraz gozatzea izaten da, eta bertako produktuak dastatu ahal izatea, bizkaitar guztientzako egoerarik onenean. Gauzak horrela, antolatzaileek azpimarratu dute "funtsezkoa" dela "herritar guztien eta azoka honetan inplikazio handiena duten eragileen premiak aseko dituen data bat bilatzea, guztiek gozatu ahal izan dezaten Bizkaiarentzat hain esanguratsua den egunaz".
San Tomas Azokaren 67. edizio honek ere 286 postu baino gehiago batuko ditu Bilbon, Areatzan eta Plaza Berrian, hain zuzen ere. 9:00 eta 22:00 artean zabalik izango da azoka.
Udala data aldaketarekin ados
Bilboko Udalak "eskertu dio" BBKri San Tomas Azokaren eguna aldatu izana, baina "argi utzita honek ez duela suposatzen etorkizunera begira aplika daitekeen irizpide berri baten ezarpena". Udal Gobernuak zirkunstantzia hau Bilboko Udaleko alderdi politikoekin partekatu du, eta kontaktu horien ondoren, astelehena, abenduak 22, hiriko sektore ekonomikoen artean "kontsentsurik handiena duen data" dela uste du.