Athletic

Hego haizearen kontra

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko aza. 21a, 17:07

Argazkia: www.athletic-club.net

Athleticek Espanyolen aurka jokatuko du arratsalde honetan (20:45) San Mamesen. Eguraldi eder honekin, nahiz eta hego haizeak jo, jendetza eta giro aparta espero da zelaiako harmailetan.

Lehenengo mailako futbola martxan jarriko da berriz ere, selekzioek eragindako geldiunearen ostean. Zuri-gorriek sasoi onean heldu ziren paroi horretara, ligan behintzat, lau partida daramatzatelako galdu barik. Joera horretan jarraitzea da helburua, izan ere, Urrutia lehendakariak egindako adierazpenetan argi utzi zuen taldearen helburua Europan jarraitzea zela, beraz gogor ekin behar diote Txingurriren mutilek gaurtik gabonetaraino.

Bi aste hauek min hartuta zeuden jokalariak lasaitasunez errekuperatzeko balio izan dute. Aduriz golegilea hasierako hamaikakoan egongo da, bere itzulera oso garrantzitsua izango da, gaur egun gol aukerak gauzatzeko gai den bakarra dela dirudi eta. Muniain, Laporte eta Rico beraien lesioetatik sendatu dira. Iraola, berriz, ezin izan du partidu honetara heldu, eta Guillermo, Sola eta Toquerorekin bat deialditik kanpo gelditu da.

Aurrean Sergio Gonzalezen Espanyol egongo da. Pasadan ligan, perikitoek, San Mames Barrian irabazi zuten lehenak izan ziren. Aurten, aldiz, ez dute oraindik Bartzelonatik kanpo irabazi, eta gogo biziz helduko dira beste behin ere Katedralera. Sergio Garcia golegilea da beraien jokalaririk onena. Kontratu barri bat seinatu du aste honetan taldean 2018. urtera arte egoteko, eta soldata berria golekin ospatzeko gogotsu helduko da. Atzealdean, berriz, Kiko Casilla atezain internazionala egongo da, jokatu zuen azkenengo partiduko hutsa ustekabe soil bat izan zela frogatzeko intentzioarekin.

Partida parekatua espero da gaurkoan, jaitsiera postuetatik hurbil daude biak, eta irabaziz gero, hortik urrunduko lirateke. Joera positiboarekin jarraitzeko, eta hiru puntuak eskuratzeko Ernesto Valverdek honako jokalariak deitu ditu: Iraizoz, Aurtenetxe, Laporte, San Jose, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Bustinza, Iago Herrerin, Susaeta, X.Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Viguera, Balenziaga eta Unai Lopez.