Athletic

Garaipenak dira poligrafo bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko aza. 22a, 00:30

Zurigorriek euren bolada onari segida eman diote Espanyolen aurka lortutako garaipen fidagarriarekin. Adurizek bidea ireki du, Viguerak errenta handitu eta azkenik Iturrasperen gol bikainak partida erabaki du. Pena bakarra, partidaren hondarrean Victor Sanchezek egindako gola, 372 minutu hutsean eman ondoren, kataluniarrak Iraizozen atea zulatu du.

 

 

 

Datorren astelehenean, Berri Txarrak taldeak “Denbora da polígrafo bakarra” izeneko diska hirukoitza kaleratuko du, euren jarraitzaileek denbora luzean itxaron duten lana. Ez hain luzaroan, baina Athleticeko zaleek azkeneko bi asteak lehoien partidak ikusi barik egon dira, nazioarteko selekzioek jokatu dituzten lehiak direla-eta. Mestallan lortutako puntuarekin, zapore ona utzi zuten zurigorriek baina Espanyolen kontrako azterketak berebiziko garrantzia hartzen zuen. Izan ere, azken urtetan kataluniarrek emaitza bikainak lortu dituzte San Mamesen eta gaurko partidak bilbotarrek aurrera begira izan dezakeen tendentzia zehaztu zezakeela uste zuten askok. Gorantza begira edo beheko postuek eragiten duen bertigoa gainetik ez kentzea, hori zen ataka. Futbolean, emaitzak dira errealitatea markatzen dutenak. Garaipenek talde baten egia azaleratzen dutenak. Eta Athleticek norabide horri heldu dio, modu seguruan irabaztea lortu baitu.

Aldaketa askorik gabeko hamaikakoa zelairatu du Valverdek, Adurizen itzulera eta Vigueraren parte hartzea izan dira elementurik aipagarrienak. Taldeak berriro ere Mikel Rico eta Ander Iturraspek emandako oreka eta sostengua izan du ardatz nagusitzat. Biek ala biek jokoaren erritmoa egosi dute, zelai erdiko batailan gailenduz, partidaren orratza Kiko Casillaren bideratu jaitsi dute. Lehoien aurreneko saiakerak hegaletatik bidalitako baloien bidez iritsi dira, baina aste honetan bertan Espainiako selekzioarekin debuta egin duen Casillak ongi erantzun du.

 

Aduriz, berriro ere erabakigarri

Erdigunean partidaren kontrola zuen arren, Sergio Garciaren mugimenduek adi mantentzen zituezten zurigorrien atzelariak. Arrisku bizia da aurrelari kataluniarra. Baina, antzeko zeozer pentsatzen zuten Espanyoleko jokalariek Aritz Adurizen inguruan. Donostiarra jokalari giltzarria da, taldea suspertu eta kideekiko lidertza handia du. Oldarkorra, bizia eta erabakiorra da. Horiek horrela, berriro ere markagailua zabaldu du, jauzi bikainaren ondoren egindako burukada baten bitartez.

Melero Lopez epaileak ere protagonismo kuota propioa bereganatu du. Vallecasen lehiatutako partidan Quinik Muniaini egindako penalti argia adierazi gabe utzi zuen eta gaurkoan Kiko Casillak Aduriz area barruan aurretik eraman duenean ez ikusiarena egin du. Jokaldi honek San Mameseko zaletuen animoak gaiztotu ditu. Hala ere, kexen gainetik, irribarreak atsedenaldiaren atarian itzuli dira. Berriro ere Adurizek taldea bizkar gain hartu, baloia zelai erdian lapurtu eta asistentzia zoragarria eman dio Borja Viguerari. Alaveseko jokalari ohiak maisuki definitu eta Athleticen elastikoarekin lehen gola egin du.

 

 

Aldageletatik bueltan, eroso eutsi dio Athleticek markagailuari. Partidan nagusitasun handia erakutsi dute zurigorriek, nahiz eta aldaketen eraginez Espanyolek hobekuntza zantzuak eskaini dituen. Salva Sevillak erdigunean baloi jabetza gehiago eman dio eta Caicedoren indar fisikoak Laporte eta Etxeita osatzen duten bikotearekin borroka polita eragin du.

372 minutu eta gero, kontrako beste gol bat

Zaleek lasaitasun handiarekin bizi izan dute partidaren amaiera, are gehiago Ander Iturraspek lehoien hirugarren gola lortu duenean. Matienako jokalariak norgehiagoka txukuna burutu du eta mailarik onena berreskuratzeko lanetan ari da abadiñarra. Taldeko futbolaririk garrantzitsuena da, lehiaren norabideak marka ditzakeena eta golak konfiantza dosi handia emango dio. Iturraspek ondo jokatzen badu, Athletic helburu handietatik gertuago dago.

 

 

Azken minutuetan, Beñat edo San Jose zelairatzeaz gain, zurigorriek bi desira nagusi zituzten: Laugarren gola egin eta euren atea hutsean uztea. Ez dute ez bata ez bestea lortu. Anekdotikoa da, baina lau partida segidan golik jaso gabe egon ondoren, Victor Sanchezek Gorka Iraizozen portería zulatu du norgehiagoka amaitzeko sei minutu eskas falta zirenean. Hurrengo jokaldian, Borja Viguera denboraldiko golik onena egiteko zorian egon da baina bere jaurtiketa bikaina gutxigatik joan da kanpora.

Pozik bukatu du partida Athleticek. Ligako bolada onak soinu egokia du eta Europan jokatzeko txartela eskaintzen duten postuetara hurbiltzeko froga eta polígrafo bakarrak garaipenak direla ondorioztatu da berriz. Saiakera hortan dabiltza zurigorriak, hasiera txarra irauli nahian. Orain, akorde askoz hobeak entzuten dira.