JAUZIA, euskal kirol selekzioen ofizialtasuna hauspotzeko ekimen berria

uriola.eus 2014ko aza. 24a, 09:35

Abenduan Euskal Herriko futbol selekzioek Kataluniako taldeen aurka jokatu behar dituzten partidak direla-eta, herritar talde batek ofizialtasunaren aldeko aldarriari hauspo berritzailea eskaini nahi dio. Azken asteetan Bilboko Kafe Antzokian egindako bilera irekien ondoren Jauzia ekimena abiaraztea erabaki dute.

Ekimen honek ez du soilik futbola erreferentziatzat hartzen, edozein kirol eta diziplinetan, Europako zein Munduko txapelketetan edo Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan Euskal Herriko edo Kataluniako selekzioak "berdintasunean parte hartzen" ikusi nahi dituzte.

Oraindik abiatzen fasean dagoen lantaldea da, kirolari ezberdinekin harremanak egiten eta aurrera urratsak eman nahian. "Salto egiteko tenorean gaudela uste dugu, aurrera egiteko garaia da. Ikuspegi transbertsala eta identitate anitzeko pertsonek babesten duten eskakizuna da hau. Errespetuan, hautaketa libre eta pertsonalean eta inposaketarik gabeko aldarria", diote. 

Kirolaren baloreetatik lan egin nahi du Jausiak, elkarlana, elkartasuna, komuneko esfortzua, errespetua eta enpatia ardatz hartuta. Bidea gaian zeresana duten eragile guztiekin batera egin nahi dute: herritarrak, kirolariak, elkarteak, federazioak eta bestelako instituzioak. "Batzen gaituen helburuak lortu eta harremanak indartu eta gaurkotzeko parte hartze mekanismoak sortuko ditugu".

Horiek horrela, nazioarteko sona izan duen leloa izango dute ardatz: ONE COUNTRY, ONE TEAM (Herri bat, talde bat; Un país, un equip; Un país, un equipo; Une pays, un équipe), 1995an, Hegoa Afrikako errugby selekzioak Apartheid-aren ondorengo lehen munduko txapelketan erabili zuena. Integrazioa, parte hartzea eta atxikimendua bilatzen duena.

Hurrengo egunetan ekimenaren inguruko berri gehiago eskainiko dituzte, aurkezpen ofizialaren data, ordua eta lekua, zein jasotako lehen babesak. 

 

Zer da Jauzia?

1968an Mexiko Hirian lehiatutako Joko Olinpikoek arrasto luzea utzi zuten. Bob Beamonek hegan egin zuen, Pertika Jauzian Ignacio Sola euskal herritarrak unean uneko errekorra eskuratu zuen eta Black Power-aren indarrak eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarria ikusarazi zuen. Baina, aldaketarik nabarmenena, iraultzailea kasik, Dick Fosburyk burutu zuen. Altuera Jauzian, bere saltoak bizkarrez egiten hasi eta diziplina betiko aldatuz.

Dimentsio berri bat, agertoki ezberdin batera Jauzia egiteko garaia. Eta hori da euskal kirol selekzioen ofizialtasunaren alde ekimen honen bidez egin nahi duguna. Argi esateko, gure kirolariak Europako zein Munduko txapelketetan edo Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan euskal selekzioak ordezkatzen ikusi nahi ditugu.

Eskubideen domina eskuratu nahi dugu, beste inor eragotzi gabe, baina inposaketarik pairatu gabe. Talde lanean aritzea sakonduko duen Jauzia, parte hartzea eta herritar, kirolari, federazio eta instituzio ezberdinen elkarlana eta inplikazioa ardatz izango duena. Izan ere, jakitun gara ofizialtasunaren aldarriak hiritargoaren sektore zabal eta transbertsalaren gogoarekin bat egiten duela.

Denok talde berean jokatuko dugu, barnebiltzen gaituen elastiko berbera jantzi eta komuneko helburuetan Jauzia egiteko borondatea dugu. Hemen, parte hartzea da inportanteena, goazen elkarrekin Jauzia egitera...

 

onecountryoneteam@gmail.com