Protestan parte hartu duten lagunen esanetan, 2011n Lanbidek Oinarrizko Diru Sarreren Errentaren eskumena jaso zuen eta "ordutik ezarri diren politika kaltegarri, murriztaile eta hipokritak emakumeengan, pobretuengan, dute eraginik ezkorrena".
Mahaigaineratu dutenez, Lanbide ez da "leku fisiko prestatua genero indarkeriaren biktimak artatzeko; ez baitago errespeturik intimitate eskubidearekiko". Argi daukate bertako langileek ez dutela genero ikuspegitik prestakuntza berezirik eta Lanbidera joko duten andreak "tokatuko zaien beharginaren gaitasun on edo txarren menpe egongo dirala haien kasuari irtenbidea bilatzeko".
Bestalde, gehitu dute urruntze agindua ezinbestekoa dela diru sarrerak eskatzeko eta epaileak agindu hori ukatzeak ez duela suposatu behar diru saria ez eskuratzea. Hori gutxi balitz, seme-alabak dituzten emakumeek senarra salatu behar dute umeentzako elikagai pentsioa eskatzeko; baina indarkeriaren biktimen kasuan, hori beti ez dela posible diote.
Era beran, gaitzetsi dutenez, beste baldintza bat ere gehitzen zaie indarkeria biktima diren emakumeei; "urte bete baino lehen Epaitegian aurkeztu behar dute ezkontza banaketa, eta epe hori betetzea beti ez da erraza izaten prekarietatearen ondorioz, egoera hauskorrean ... dauden emakume askorentzat".
Bukatzeko, Etxebizitzarako Sari Osagarria eskatzeko aurreko etxeari errendimendu ekonomikoa ateratzen zaiola ziurtatu behar dute . Eta argi diote hori, materialki ezinezkoa dutela emakume hauek beren egoera pertsonala dela eta (indarkeriaren biktimak izan dira, bizitza ere arriskuan izan dute, etxea utzi behar izan dute...).
Guzti honen aurrean, hainbat proposamen egin dituzte gaurko agerraldian; arreta protokoloa egitea indarkeria jasan duten emakumeei arreta emateko eta udal gizarte zerbitzuak kasuaren kudeaketa egin dezala; urruntze agindua eskatzea beharrezkoa ez izatea; banaketa denbora epe hain laburrean eskatu behar ez izatea; eta ez eskatzea etxebizitzaren errendimendu ekonomikoa -edo beste ondare jabetzarenak- udal gizarte zerbitzuek emakumea egoerari aurre egiteko prest dagoela erabaki arte.