Athletic

Europan jarraitzeko txartelak ezin du ihes egin

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko aza. 26a, 08:53

UEFA.com

Partida sendoa jokatu ondoren, zurigorriek hiru puntuak lortu dituzte gaur Ukrainian. Berandu bada ere, Valverderen taldeak Txapeldunen Ligan aurreikusi zitekeen maila eta irudia eskaini du Lviv-en. Garaipena San Josek egindako golari esker iritsi da eta bizkaitarrak nagusi izan dira norgehiagokaren orokortasunean. Hala ere, Shaktharreko jokalariek Balenziagak partidaren hondarrean egindako penalti argia eskatu dute. Athleticek BATE Borisov-i aurre hartu dio sailkapenean eta San Mamesen jokatu beharreko partidan puntu batekin nahikoa luke otsailetik aurrera Europa Leaguen aritzeko (0-1).

Mestallan jokatu aurretik, Valentziako atezain den Diego Alvesek Athleticek noizbait partidak irabazi beharko zituela adierazi zuen. Ez zuen arrazoirik falta, zurigorriek dagoeneko Almeria eta Sevilla gainditu ondoren euren bolada txarrari amaiera eman ziotelako eta Turia ibaiaren hiriburuan hiru puntuak lortzetik gertu ibili zirelako. Espanyolen kontra, Ligako emaitza onari segidan eman zioten ostiralean. Baina, gorakada horrek ere bere alde iluna zuen, taldeak Txapeldunen Ligan emandako maila eskasa.

Final zortzirenetan izateko aukera barik, Europa Leaguen aritzeko eskubidea ematen duen hirugarren postuan sailkatzea da erronka berria. Lehia horretan, Bate Borisov da aurkari nagusia. Bielorrusiako taldea Txapeldunen Ligako historian multzokako fasean gol gehien jaso dituen ekipoa bilakatu da gaur Portoren kontra huts eta hiru galdu ostean. Bielorrusiako markagailuaren jakitun zirela zelairatu dira Athleticeko jokalariak. Lviv-eko erbestean, Donbass-eko gatazka eremutik mila kilometrotara, jokatzen ditu orain Shakhtarrek bere partidak. Bertan, Ukrainiako banderekin zelaia betetzen dituzten zaletuak topatu ditu, bertako Ligan euren hiriko Karpaty animatzen dutenak baina Europako txapelketetan Donetsetik etorritako taldea babesten dute. 

Etxeitaren lesioa, albiste txar bakarra

Bezperako prentsaurrekoan iragarri bezala, Valverdek aldaketak egin ditu hamaikakoan. Kasik ezinbestekoak diren Laporte edo Aduriz aulkian utzi eta San Jose, Beñat edo Viguera hasieratik aritu dira. Lehen unetik sendo agertu dira zurigorriak, partidaren kontrola izateko borondate irmoarekin eta Shakhtarren jokoa desaktibatzeaz gain erasora ateratzeko asmoz. Arazo bakarrak, lehoiek egindako akats propioengatik ailegatu dira. Eta hauei erantzuteko, Gorka Iraizoen geldituek modu egokian azaldu dira.

Beñat Etxebarriaren posizioak dinamismo handia eskaini dio Athleticen jokoari gaur, igorreztarrak partida ona jokatu du, golean giltzarri izanik. Zurigorriek euren lerroak luzatu eta hegaletatik iritsi nahi zuten, Vigueraren mugikortasuna baliatuz. Ricoren lanak eta honek taldeari ematen dion bultzadak, intentsitateak gora egitea eragiten dute. Zurigorriak jokaldiak bukatzeko gai izan dira lehen zatian baina gehienetan distantzia luzetik egindako jaurtikekin. Aurrean, serio baina ezinean ari zen Shakthar, Athleticek planteatutako laberintoari erantzun ezinik, Taison, Fred edo Luiz Adrianok etengabe suposatzen duten arriskua leunduz. Albiste txar bakarra, Xabi Etxeitaren lesioa.

Berdinketak gauzak bere horretan uzten zituen, azken jardunaldiko emaitzen zai. Etxekoek Portoren aurka jokatu behar dute lehen postua eta Athleticek San Mamesen Bate Borisoven kontrako norgehiagoka irabaziz gero, eskutan izango luke Europa Leaguen aritzea. Gauzak horrela, bigarren zatian zurigorriek hainbeste desiratzen zuten garaipena iritsi da. Dena den, atsedenalditik bueltan, lehen aukera garbia Shakthtarrek izan du baina Iraizozek berriro ere gelditu ona egin du.

Geldikako jokaldien garrantzia, Beñatek jaurti eta San Josek barrura

Oreka handiko partidan, geldikako jokaldiek berebiziko garrantzia hartzen zuten eta hor azaldu da Athleticen bertute nagusietako bat. Beñatek maisuki jaurtitako falta baten ondorioz iritsi da lehoiek gola. Igorreztarrak erdiratu eta San Josek area txikian errematatu du, amorruz ospatu du atarrabiarrak. Unean uneko emaitzak Athleticen aukerak nabarmen handitzen zituen.

Esfortzu eta ahalegin fisiko handiaren bidez, zurigorriek markagailuari eutsi ahal izan diote, aurkariak arrisku garbia sortu gabe. Donbass-eko taldearen abagune bakarra partidaren hondarrean iritsi da, Balenziagak sare barrura zihoan baloi bat eskuarekin aldendu duenean. Shakhtarreko jokalariek protesta ugari egin dizkiote porterien alboan kokatzen den epaileari, baina alferrik, Athleticen interesen onerako ez dute asmatu. Antzeko zerbait gertatu zaio Aritz Adurizi ondorengo jokalarian, bigarren zatian zehar zelairatutako donostiarrak aukera bikaina huts egin baitu. Azkenean, emaitzak ez du aldaketarik izan eta berriro ere, kontrako golik jaso gabe amaitu du partida Athleticek. Azkeneko zazpi norgehiagoketetan, zurigorriek apenas hirutan jaso behar izan dute baloia euren sare barrutik, hortaz agerikoa da defentsako lanean izandako hobekuntza.

Laburbilduz, bizkaitarren garaipen landua, ekonimikoko etekin oparoak eskaintzeaz haratago, Europan lehiatzeko aukera eskaini dezakeena. Abenduaren 10an, San Mamesen, Bate Borisoven aurka puntu bat eskuratzearekin nahikoa izango litzateke Europa League-rako bidea jorratu ahal iztaeko. Dena den, Txapeldunen Liga zapore onarekin utzi, diru sarrerak handitzen jarraitu eta zaletuei gozatua emateko, bielorrusiarren aurkako garaipen bat ezinbestekotzat jotzen du klubaren ingurune osoak. Izan ere, hain oroitzapen onak dakartzan lehiaketa batetara salto egitea, behera egitea baino, txapelketa kontinentalean Athleticek dituen aukerak handitu egiten ditu. 

 

Argazkiak: UEFA.com