Udalak lehenengoz omendu du Santi Brouard bere heriotzaren 30. urtemugan

uriola.eus 2014ko aza. 26a, 17:42

Santi Brouard Herri Batasunako kidea eta Bilboko zinegotzia izandakoa omendu du Udalak lehen aldiz, GALek erail zuela 30 urte bete direnean. Bihar, bigarren omenaldi bat jasoko du Eusko Legebiltzarrean. 

Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartu dute goizeko omenaldian. Bertan, Ibon Areso alkateak hartu du hitza gogora ekarriz, Brouard, "herriak aukeratutako zinegotzia" izan zela. Aresok argi utzi du egun, "langabeziarekin batera, bakea eta normalkuntza politikoa dela euskal herritarren nahia" eta "orain, inoiz baino gehiago, helburu hori lortzeko lanean jarraitzeko beharra" dagoela. Gaurko omenaldiaren aurrean, azaldu du, "gizarteko zauriak gertaeren aitorpenarekin eta oroitzapenarekin osatzen" direla.

Ondoren, Edurne Brouardek, Santiren alabak, hartu du hitza. Ama zuena gogora ekarri du, hark gaurko omenaldia eskertuko zuela esanez. Aitaren bizitzan Bilboko Udalak izandako garrantziari ere erreparatu dio eta eskerrak eman ditu omenaldiagatik; "horrelako ekitaldiak beharrezkoak direlakoan gaude, egun bizi dugun egoeran aitortza harri bat baino ez delako egia osoa eta dagokion justizia eraikitze bidean".

Bukatzeko, Edurnek azpimarratu du haien mina ez dela "sekula izango konfrontaziorako, bakebidean oztopoak jartzeko. Baizik alderantziz". Jarraian, Ibon Aresok Santi Brouardek udaletxean erabilitako domina eman dio eta Udal txistulari Xabier Zabalarekin bater Isiltasuna abestia jo dute.