Kultu zentroen irekierari ipinitako mugek eragindako gorabeherak

uriola.eus 2014ko aza. 26a, 16:15

Hirigunean, etxebizitzen behealdean, kultu zentroen irekierari mugak ezartzen dizkion HAPNren aldaketak baliogabetu ostean, forma arrazoiak zirela eta, Eduardo Maiz Hirigintza zinegotziak Euskadiko Auzitegi Nagusiaren ebazpena errekurritzeko asmoa agertu du. Maizek aurreratu du administrazio prozedura guztia berriro ere martxan jarriko duela udal gobernuak.

Iazko irailean onartu zuen Udalbatzarreko Osoko Bilkurak, EAJren botoen gehiengoarekin, HAPN-PGOUan aldaketak egitea hiri guneetan kultu zentroen irekiera debekatzeko. Basurtu auzoan mezkita baten irekierak sortutako iskanbila baretzea zuen xede Iñaki Azkunaren gobernuak.

Udalaren araua errekurritu zuena ez zen komunitate islamiarra izan, eliza ebanjelikoko komunitatea baizik, eta atzo jakin zenez, Euskadiko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio. Auzitegiaren ebazpenak, forma arrazoiak direla eta, prozesuan hiritarren parte-hartzea ez bermatzeagatik, Bilboko Udalbatzarrak onartutako araua indargabetzen du.

Maizek aurreratu du administrazio prozedura guztia berriro ere martxan jarriko duela udal gobernuak, kultu guneei dagokien HAPN-PGOU aldatzeko. Horretarako, "beharrezkoa den informazioa zabalduko dugu, aholku batzordearekin batzartuko gara eta legeak agintzen dituen baldintza guztiak beteko ditugu". Urtarrileko osoko bilkuran onar daiteke HAPNren behin-behineko aldaketa Maizen hitzetan.

"Askatasun erlijiosoa urratzen duen Euskal Herriko lehen udalerria"

Ebazpenaren ondoren EH Bilduk gobernu batzordeari eskatu dio jarrera aldatzeko eta ez dezala Bilbo bihurtu "askatasun erlijiosoa urratzen duen Euskal Herriko lehen udalerria".

Ana Etxarte zinegotziak, gai honen jatorria "eskubide bati muga jartzea, hau da, askatasun erlijiosoa mugatzeko saiakera" izan zela gogoratzeaz gain, azpimarratu du "nahiko kezkagarria" dela herritarrak epaitegietara jo beharra beraien oinarrizko eskubideak errespetatu daitezen "eta, hori dela eta, Udalari eskatzen diogu bere jarrera berehala alda dezala".

EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du Euskadiko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak agerian uzten duela EAJren "parte-hartze eredua". Etxartek gogoratu du Deustuko kanalaren aferan ere "parte-hartze eskubidea ez bermatzearen" ondorioz antzeko epai bat egon zela. "Orduan, orain bezala, epaia forma kontuetan sartzen zen soilik eta ez zuen fondoan gaineko iritzirik eman, baina bizilagunen presioari esker udalak azkenean gaiaren muinari eutsi eta hasierako proposamena aldatzea erabaki zuen bizilagunekin hitz egin eta gero. Orain gauza bera egitea eskatzen diogu Udalari".

Etxartek gogoratu du HAPNren aldaketa hau bultzatzeko Hirigintza sailaren argudioak ez zirela gertakari objektiboak izan, "baizik eta arrazoi ideologikoetan oinarritzen zen erlijio katolikokoak ez beste baztertzeko. Hirigintza araudia aitzakia bezala erabilita, Udalak herritargoaren zati baten eskubideak mugatu nahi ditu".

Etxartek gezurtatu du atzo Eduardo Maiz Hirigintza zinegotziak egindako adierazpenak non esaten zuen Euskadiko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak arrazoia ematen diola Udalari. "Ebazpena ez da gaiaren mamian sartzen, ez ditu salatzailearen argudioak aztertzen, eta forma akats honek prozesu guztia bertan behera uzten du", adierazi du zinegotziak.