Bizkaiko Osakidetzako langileak grebara deituta daude

uriola.eus 2014ko aza. 27a, 10:45

Aurreko asteetan Gipuzkoa eta Araban egin den bezala, gaur Bizkaiak hartu du lekukoa. Bizkaiko Osakidetzako langileei egun osoko greba egiteko deia zabaldu diete sindikatuek. Jaurlaritzak "inposaturiko gutxieneko zerbitzuak" salatu dituzte.

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuak "borrokan dira kalitatezko zerbitzua eta enpleguaren alde". Adierazi dutenez, Osakidetzak jadanik "ez du inor engainatzen. Euskal jendarteak oso argi dauka zein den gure borroka eta zein den osasun publikoaren gainbeheraren erruduna". 

Greba horren baitan, manifestazioa egingo dute 12:00etan Bilbon, Bizkaia plazatik hasita.
 
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, azken urteetan 3.000 lanpostu galdu dira eta 1.200 postuko deialdi publiko bat behar da. Osakidetzak 474 lanposturako deialdia proposatu die, baina oso murritza iruditzen zaiela, eta protesta egingo dute.
 
Joan den azaroaren 24an mahai sektorialean bildu ziren Osakidetzako zuzendaritza eta sindikatuak. Lanpostu gehiago eskaintzea proposatu zien Osakidetzak, baina sindikatuek ez zuten nahikotzat jo.
 
Sindikatuek "ez dute amore emango" Jaurlaritzak "inposaturiko gutxieneko zerbitzuak" salatzeko orduan greba eskubidea "bertan behera uzten baitute". "Lotsagarriena", sindikatuen aburuz, "greba egunetan inoiz baino operazio onkologiko gehiago programatzen dituztela,  martxan egotera behartzeko, asteburu, jaiegun eta oporretan ez direnean programatzen".
 
LABek exijentzia argia luzatzen dio Osakidetzari: "Itxaron zerrendak gutxitzeko helburutan, gaur bezalako onkologi eta urgentziazko ebakuntza kopurua egin ditzala asteburu eta jaiegunetan ere, baina ordu estrarik ordaindu gabe. Beste exijentzia bat: gaur bezalako langile kopurua mantentzea jaiegun guztietan".
 
Abenduaren 4an, 24 orduko greba orokorra deituta dago, Osakidetza osoan.