"Beharrezkoa da, posiblea da" dispertsioarekin bukatzea. Teresa Toda Sare Dinamikako eledunak gaurko prentsaurrean esan duenez, "orain, maintenant, ahora, now". Lau hizkuntza erabili ditu Sarek "munduari eskubide urraketa larri hauen berri emateko".
Presoen eskubideen defentsan Euskal Herrian garatzen ari den Sare Dinamikak 2014 urtearekin bat hasi zuen lanari "bultzada berria" emateko, datorren urtarrilaren 10ean Bilboko kaleak "leporaino betetzeko" deia egin du. Todaren esanetan, "arrazoi sendo asko dago, juridikoak, soziologikoak, politikoak, baina batez ere gizalegezkoak, dispertsioari berehalako bukaera ipintzeko".
Urtarrilaren 10eko erakustaldi erradoiak "sufrimendua ezabatzeko eta konfrontazioa amaitzeko bidean oinarri sendoak" ezarri nahi ditu, bai esperantzari bai konponbideari "beste lehio bat irekitzeko".
Bilbotik mundura hedatuko den mezua "Euskal Herrira now" izango da, eta horretarako molde berria erabiliko du Sarek. Ez da ohiko manifestazioa izango. Bi ibilbide izango dituen "mobilizazio jendetsu eta parte-hartzailea izango da, jendartearen aniztasunean oinarriturikoa, non pertsonok izango garen protagonista aktiboak". Arratsaldeko 17:30ean zutabe batek Udaletxetik ekingo dio ibilbideari eta ordu berean beste batek Casildaltik, Zabalburu plazan elkartzeko. Formatu berri honekin, "borondate ezberdinak biltzeko puntu bat badela" erakutsi nahi du Sarek.
"Dispertsioa ez da inoiz legala izan"
Joseba Azkarraga Sareko kideak ere hartu du hitza gaurko agerraldian dispertsioaren legaltasun faltari buruz hitz egiteko. "Ez da inoiz legala izan", adierazi du: "Ez du inoiz izateko arrazoirik eduki, ez bada pertsonak suntsitzea eta makurraraztea". Inoiz ez du zentzurik izan, eta "are gutxiago gaur egun". Azkarragaren arabera dispertsioaren amaiera ez da soilik euskal jendartearen eskaera, "epaileen artean ere sortu dira dispertsioa zalantza jartzen duten ahotsak". Argi du Sarek zein garrantzia duen dipertsioarekin bukatzeak, izan ere, "konponbide integral baterako bidean, urrats garrantzitsua bat da presoak Euskal Herriratzea".
Dispertsioaren "eragin latzak" agerian utzi nahi dituen ezberdinen arteko sareak kontzientziak "astindu" nahi ditu "presoak eta haien senideak dagozkien eskubide guztien jabe izan daitezen". Jakin badakite Euskal Herrian egiten duten lana "funtsezkoa den arrean, ez dela nahikoa". Horregatik jarri da Sare kanpora begira, "munduko eragile ezberdinak ere eskubide urraketa hauen aurka mugi daitezen". Lanerako tresnatzat darabil Sarek lau hizkuntzetan -epe laburrean hizkuntza gehiagotan ere- argitaratu eta banatu duten Dispertsioaren liburuxka. 500.000 liburuxka horiek hasi dute jada euren bidea munduan barrena.