Aurten ere Bilboko Udalak bat egiten du Scratch Egunarekin. Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleak (10-12 urte) dira protagonistak nazioarteko jardunaldi teknologiko honetan eta horren aurretik, abenduaren 10ean, irakasleentzako prestakuntza-saio bat izango da.
“Eraman Scratch zure ikasgelara” lelopean, datorren eguaztenean, abenduak 10, prestakuntzarako saio irekia eta doakoa egingo da Deustuko Unibertsitateko Ingenio gelan. Bertan, beharrezko ezagutzak eta gaitasunak emango dizkiete interesa daukaten irakasleei, Scratcharen erabilera susta dezaten. Scratch aplikazio informatiko erabilerraza da, eta horren bidez ikasleek programazioko eta robotikako proiektuak egin ditzakete, eta sormena, pentsamendu logikoa, arazoen analisia eta taldeko lana garatzen dituzte.
Scratch ikasgeletan erabiltzearen beste abantaila batzuk dira norbere ideiak zalantzan jartzeko gaitasuna garatzea eta bakoitzak bere erritmoan eta bere gaitasunen arabera lan egiteko aukera, programazio multimediaren oinarrietan sakonduz eta kontzeptu matematikoak barneratuz (koordenadak, aldagaiak, algoritmoak, ausazkotasuna, eta abar).
Scratch Eguna (Scratch Day) 2008an sortu eta garatu zuen Massachusettseko Teknologia Institutu (MIT) ospetsuko Media Lab-en “Lifelong Kindergarten Group” taldeak. Jardunaldi ludiko eta teknologikoa da eta urtero mundu osoko Lehen Hezkuntzako milaka ikasle erakartzen ditu. Azken lau edizioetan Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko bostehun ikasle inguru aritu izan dira, Bilbokoak, Bizkaikoak eta Euskal Herrikoak.
Scratch Egunaren bosgarren edizioa 2015eko maiatzaren 16an izango da eta, aurreko edizioetan bezala, parte hartuko duten taldeek (10 eta 12 urte bitarteko 5 edo 6 ikasle, irakasleen laguntzarekin) proiektu hauek garatu beharko dituzte:
•Ordenagailuz egindako infografia edo animazioa, Bilboko Alondegiko pantaila erraldoian ikusiko dena.
•Animazio horretan oinarritutako bideo-joko bat egitea.
•Mundu errealarekin interakzioan egongo den instalazio bat, Scratcharekin programatutako.
•Talde bakoitzaren aurkezpen-txartela izango den posterra diseinatzea.