Joko polita erakutsiz garaipena lortzea zalegoarentzat egoerarik ederrena da. Baina garaipena lortzea da garrantzitsuena, azken finean hori da estatistiketan islatuta geratzen dena. Hori gertatu zen atzo eguerdian Bilbao Arenan.
Izan ere, bertan bildutako 8.817 zaleek ez zuten orain arte beltzezko gizonek denboraldian zehar erakutsitako jokoa egin. Defentsan ahul eta erasoan kamuts ibili ziren lehiako minutu askotan Sito Alonsorenek, Txus Vidorreta indautxutarraren taldearen nagusitasunaren aurrean.
Dena den, ondo hasi zuten bilbotarrek partidua Marko Todorovic, Quino Colom eta Raul Lopezen gidaritzapean. Kanpotarren aldean, Nacho Martinek bakarrik sortzen zuen arriskua. Lehenengo laurdena 19-17 bukatu zen.
Hor hasi ziren arazoak etxeko taldearentzat. Estudiantes eroso sentitzen hasi zen eta jokoan isladatu zuten. Aldi berean Bilbao Basketeri argia amatau zitzaion. Egoera honetan kanpotarrak 32-40 joan ziren markagailuan. Ethan Wraggeren hiruko batek aldea murriztu zuen, atsedenaldira 35-40 jarriz.
Atsedenaldiko 15 minutuen ostean gauzak ez ziren asko aldatu. 'Demencia' zale taldearen partaideen pozerako hamar puntuko abantaila izan zuen Estudiantesek puntuetan emankorra izan ez zen hirugarren laurden horretan (12-10; 47-50 guztira).
Partidua irekia zegoen. Saskiratzeak egon ziren bi aldeetan eta 28 minuturen ostean, Bilbao Basketek aurrea hartu zuen markagailuan. Norgehiagoka amaitzeko 15'1 segunduren faltan, Raul Lopezek bi jaurtiketa libre sartu zituen. Txus Vidorretak hutsartea eskatu zuen garaipena lortzeko jokaldia prestatzeko. Harmailan eztabaida zen nagusi: falta egin edo defentsa zorrotza burutu. Sito Alonsok bigarren aukera prestatu zuen. Jaime Fernandezek garaipena bere eskuetan izan zuen. Etxekoen lasaitasunerako jaurtiketan kale egin zuen eta Bilbao Basketek bere zazpigarren garaipena lortu zuen.
Estatistikei erreparatuz, etxeko taldean Raul Lopez (13 puntu), Latavious Williams (11 puntu, 9 errebote), eta Marko Todorovic, Dejan Todorovic eta Quino Colom hamarna punturekin. Aipatzekoa da ere Mumbruk eta Bertansek ez zutela jokatzerik izan.
Kanpotarren artean Nacho Martin, Javi Salgado santutxutarra eta Jaime Fernandez nabarmendu ziren. 16, 12 eta 11 puntu lortu zituzten hurrenez hurren.
Hamargarren jardunaldian Bilbao Basketek denboraldiko bigarren euskal derbia jokatuko du Illunben Gipuzkoa Basketen aurka. Larunbatean izango da gaueko 21:00etan.