Torturak salatu dituzten hiru bilbotarren eskariak ez ditu aintzat hartu Herritarren Partaidetzarako Batzordeak

uriola.eus 2014ko abe. 2a, 15:29

Iratxe Urizar abokatuak lagunduta, Jokin Etxebarria -Beatriz Etxebarriaren neba-, Ikoitz Arrese eta Xabat Moran Bilboko Udaleko Herritarren Partaidetzarako Batzordean izan dira. Hiru bilbotarrek aurkeztu dituzten proposamenak bertan behera geratu dira.

Joan den urriaren 7an Estrasburgoko Auzitegiak Espainiar Gobernua kondenatu zuen Beatriz Etxebarria bilbotarraren tortura salaketa ez ikertzeagatik. Giza Eskubideen auzitegi goren honek, Torturaren Aurkako Nazioarteko Hitzarmenaren 3. artikuluaren urraketagatik bost euskal herritarrei arrazoia eman die. Horrela, eta bilbotarra izanik, Udalak "epai horrek ezartzen duena aldarrikatzea" eskatu du gaur Herritarren Partaidetzarako Batzordean Iratxe Urizar abokatuak. Ikerketa hori egin ez dela azpimarratzeaz gain, epaiaren aurrean ez dela "inolako aitorpenik eman" ere salatu.

Bestetik, orain gutxi aurkeztu berri da Inkomunikazioa eta Tortura ikerketa, non Istanbuleko Protokoloa aplikatuz, hainbat tortura testigantzei egiazkotasuna eman zaien. "Kontutan izan behar da gaur egun badaudela inkomunikaziopeko deklarazioak protagonista duten epaiketak, eta bi bilbotar -Ikoitz Arrese eta Xabat Moran- izaten ari dira epaituak Madrileko Entzutegi Nazionalean. Bertan beraien tortura testigantzak azaldu badituzte ere, epaileek ez dute inolako neurririk hartu eta ez dituzte beraien deklarazio latzak aintzat hartu inolako momentutan", adierazi du Urizarrek.

Bi gazte hauei ere Istanbuleko Protokoloa aplikatu zaie eta hori da beraien Udalari egin zaion eskaera: "Istanbuleko Protokoloak duen nazioarteko zilegitasun guztia aintzat hartuta, protokolo horrek adierazten dituen ondorioak kontutan izan daitezen eta torturak salatu dituzten bi bilbotarrei beraien babesa eman, horiek ikertu daitezen eskatuz".

Proposamenak entzun eta gero, eskaerekin Udalbatzara joan ala ez eztabaidatu eta gaia bertara ez eramatea erabaki dute.

Herritarren Partaidetzarako Batzordearen erabakia gaitzetsi du EH Bildu koalizioak. "Udala heriotz zigorraren aurka agertu den bezala ez da gai Bea Etxebarria, Xabat Moran eta Ikoitz Arreseren tortura kasuak ikertzeko jarrera azaltzeko". Joan den astean Amnistia Internacional erakundearen heriotz zigorraren aurkako kanpaina babestu zuen Udalak.