Athletic

Kalitateak moralaren indarrak bezain beste balio duenean

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko abe. 2a, 23:05

Partida eskasa jokatu arren, Alcoyano Athletic baino dezente hobea izan da eta partida irabazteko meritu nahikoa egin ditu, Viguerak lehiaren hondarrean egindako gol bikainak zurigorriek Kopako lehen kanporaketan duten panorama hobetu du. Etxekoek aurre hartu dute markagailuan eta errenta handitzeko aukera paregabeak izan dituzte baina abantaila lehoientzat da. Valverdek ezohiko jokalariak zelairatu ditu eta Gurpegik orkatilan min hartu du. (1-1)

 

Kasik 3500 kilometrok banatzen dituzte Alcoy eta Borisov, baina gaurko norgehiagokaren une batzuk Bielorrusian jokatutakoarekin antza gehiegi izan dute. Castilla, Xerez, Anorthosis, Tbilisiko Dinamo, Irungo Real Union, Torrelavegako Gimnastica, Vienako Austria, Cluj edo Bigarren B mailan zeuden Rayo edo Eibarren mamuak tarteka Athleticeko zaleen memoria kolektibotik azaldu dira. Azken 25 urtetan talde zurigorriak kanporaketa zuzenetan pairatu dituen amesgaiztoak dira horiek. Azken orduko berdinketak ikarak aldentzea ahalbidetu du.

Valverdek minutu gutxi pilatu dituzten jokalariei aukera eman die. Iago Herrerin eta Aurtenetxeren presentzia espero zitekeen -19 hilabete eta gero, zornotzarrak berriro ere lehia oficial bat jokatu du Athleticekin- ez hainbeste Moran edo Aketxerena. Portugaleteko erdilariak gau beltza izan du eta oso zaila izango du aukera berri bat eskuratzea, erromoztarrak aldiz detaile onak utzi ditu lehen zatian. Bereziki falta baten jaurtiketa bikainarekin. Gurpegi eta Iraola beteranoak, Getafeko partidan deialditik kanpo geratu zen Markel Susaeta edo Borja Viguera hasierako hamaikakoan aritu dira. Granadaren kontra Ligan suertatu zen gisara, taldearen armairu irekitzean zalantzak janzten direla ondorioztatu da gaur ere.

 

 

Lehoiek zelaiaren dimentsio txikietara egokitu nahian ekin diote partidari. Aurrean, modu ordenatu eta sakrifikatuan lan egin duen Alcoyano, Athleticek kontrolari eusten zion bitartean. Ibaik edo Aketxek egin dituzten lehen saiakerak baina etxekoak izan dira lehen kolpea eman dutenak. Francis Ferronek area barruan harrapatutako baloia Athleticen ate barruan amaitu du. Hortik aurrera, norgehiagoka erabat aldatu da. Alcoyano jaun eta jabe azaldu da, bereziki bigarren zatian. Oscar Canoren mutilek intentsitate handiagoa erakutsi eta errenta handitzeko aukera paregabeak izan dituzte. Zutoinak, Iago Herrerinen geldituek edo aurrelarien trebezia faltak bigarren gola ekidin dute. Bidetik, zurigorriek Gurpegi galdu dute, kapitainak orkatilan min hartu du eta Unai Bustinzak bere lekua hartu behar izan du.

Gero eta ilunago ikusten ari zelakoan, Valverdek aulkia mugitu du berriz, kasu honetan Beñat eta Aduriz zelairatzeko. Aldaketek taldea suspertu eta emaitzak eragindako premiak derrigortuta eta aurkariak pilatutako nekea medio, lehoiek aurrera egin dute. Bilbotarrak jakitun ziren gol batek kanporaketaren norabidea erabat aldatzen zuela eta Ibai edo Laporte asmatzetik gertu egon dira. Eta azkenean saria jaso dute, luzapenean Borja Vigueraren jokaldi bikain batek berdinketa ekarri du. Alaveseko jokalari ohiak kalitate handia erakutsi du kontrola eta jaurtiketa egiterako orduan. Lehoiekin egiten duen bigarren gola da hau.

Athleticen detaile batek Alcoyanok 90 minututan egindako lanak bezain beste balio izan du. Horra hor goi mailako talde bat eta Bigarren B mailako ekipo baten arteko diferentzia. Susto handia hartu dute bizkaitarrek, kezka berriak azaldu dira baina kanporaketan aurre hartu dute. Kalitateak morala bezain beste balio dezakeelako, batzutan behintzat.