Euskararen sustapenean eginiko lanagatik Udalak omenaldia egin die Kafe Antzokiari eta Itoiz taldeari

uriola.eus 2014ko abe. 3a, 10:35

Bilboko Udalak omenaldia egin die Kafe Antzokiari eta Itoiz musika-taldeari Euskararen Nazioarteko Egunaren barruan. Udaletxeko Arabiar Aretoan egin den ekitaldian Ibon Areso Bilboko Alkatea, Josune Ariztondo Kultura Diputatua eta udal ekipoko eta gobernuko hainbat ordezkari izan dira.

Bilboko Udalak esker ona erakutsi gura izan dio Kafe Antzokiari, Gabriel Aresti Euskaltegiaren bidez euskara bultzatzeko egin duen lanagatik; izan ere, Antzokia euskaraz jarduteko, euskara ikasten aurrera egiteko eta Bilbon euskal kultura sustatzeko bitarteko bilakatu da eta.

Itoiz musika-talde historikoa ere omendu dute gaur goizean. Euren diskoak eta abestiak, Lau teilatu esaterako, 1978tik 88ra bitarteko klasiko handi bihurtu dira merezimendu osoz. Taldeko kide guztiak batu dira gaur Udalak eskainitako omenaldia eskertzeko.

Euskaraz jarduteko lekua

Kafe Antzokiak 1995eko abenduaren 15ean zabaldu zituen ateak Bilboko erdialdean, behinolako San Vicente zinema zegoen tokian. "Helduei euskara irakasten zebiltzan langile batzuen gogoetek bultzatuta sortu zen proiektua: Euskaltegiko geletatik kanpo ikasleek ez zuten non jardun euskaraz Bilbon. Euskara hobeto ikasteko ezinbestekoa zen aisialdian eta modu naturalean, berezkoan, euskaraz hitz egiteko lekuak eta tarteak bilatzea.

Hartara, proiektu hori abian jarrita, euskaldun zaharrak, berriak eta ikasleak elkartzeko lekua ere sortu zen, euskaldunak batu eta hizkuntz murgilketarako gunea eskainita.

Kafe Antzokiaren beste helburu bat, berriz, euskarazko adierazpide artistikoak modu duin eta etengabe agertzeko plaza jartzea zen. Kafe Antzokia biltoki bihurtu da Bilboko eta non-nahiko euskaldunentzat, Bilbok eta munduko euskal kultura osoak atzerrian duen erreferentzia nagusienetakoa, hartan ere".

14 urte taularik taula

1974an Mutriku eta Ondarroa inguruko bost gaztek ezteguak eta jaialdiak girotzeko osatu zuten Indar Trabes izeneko musika-taldetik sortu zen Itoiz. Laster pasatu ziren rock progresibora. 1978an atera zuten aurreneko diskoa Itoiz izenarekin. Hala ere, 14 urte taularik taula eman eta 9 disko plazaratu ostean, sakabanatu egin ziren 1988an, Getxon (Bizkaia) zuzenean grabatutako diskoarekin.

"Trantsizio politikoaren garaiko soinu-banda; edozelan ere, euren abestiek mardul diraute hogeita hamar urte geroago ere. Euskal historian eta kulturan leba itzeleko banda izaten jarraitzen du eta hala jarraituko".