Gaur baino lehen, langileek herrialdeka lanuzte txandakatuak egin dituzte. Gaurkoa, berriz, Euskal Autonomia Erkidego mailako deialdia da. Hortaz, Osakidetzako zentro guztiei 24 orduko greba egiteko deia zabaldu zaie.
Sindikatuek jakinarazi dutenez, geroz eta gehiago dira grebara batzen diren langileak: "Jaso ditugun informazioen arabera, osasun zentro askotan zerbitzu minimoak soilik eskaini dira eta baten bat erabat itxita egon da, Altamira auzoko zentroa kasu", zioen LABek azaroaren 27ko lanuztearen balorazio gisa. Ospitaletan "erantzuna handia" izan zuen Bizkaian buruturiko azken grebak, "zenbait zuzendaritza estu eta larri" jartzeraino. Aipatzekoa da Gurutzeta ospitaleko kasua, non zuzendaritzak onartu zuen FIVTEko (fertilitate kirofanoa) "pazienteen oheak familiak berak gelaraino eramatea”.
SATSE, ELA, LAB, SME-FHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek "galdutako enplegua berreskuratzea" eskatuko dute Bilboko kaleetan, baita "lan-kargak murriztea eta soldata eskala bikoitzak desagertzea" ere. Eskaera horiei Zuzendaritzak "mugimendu mediatikoekin bakarrik erantzuten duela" salatu dute: "484 plazako 2014-2105 EPEa hori besterik ez baita".
Osakidetzan 8.000 behin-behineko langile baino gehiago daude, eta urtero 500etik gora pertsonak hartzen du erretiroa. “Ez dago akordioa ez eskuratzeko aitzakiarik", diote langileen ordezkariek. "EAJk aurrera ateratzen badu Ertzaintzaren EPEa eta beste administrazio batzuetan akordioak eskuratzen badira, ez dugu ulertzen zergatik ez Osakidetzan”.
Zuzendaritzak Mahai Sektorialaren bilerarik aurreikusten ez duela eta, "negoziaketa borondate falta" gaitzetsi dute sindikatuek. Eurek aldiz negoziatzeko "borondatea berresten" dutela diote. "Baita mobilizazioarekiko konpromisoa ere, negoziatzeko borondate erreala lortu arte. Horregatik, greba honen ondoren mobilizazioekin jarraituko dugu, beti enplegua lehenesten zerbitzuaren kalitatearekin batera".
Osakidetzako langileak eguerdian manifestatuko dira EAEko hiru hiriburuetako kaleetan.