Athleticzaleek athleticzaleentzat eginiko diskoa

uriola.eus 2014ko abe. 3a, 15:47

'Athletic gu gara' izeneko diskoa aurkeztu dute gaur, 240 lagunen artean sorturiko estilo anitzeko 16 kantuk osatua. Durangoko Azokan eskuragarri izango da ostiraletik aurrera eta hurrengo astean baita musika-denda eta Athleticen dendetan ere.

 
Diskoak lagun ezagun askoren partaidetza izan du, gizarteko esparru ezberdinetako kideena, besteak beste, BOS, Zea Mays, Naroa Gaintza, Rafa Rueda, Edorta Jimenez, Toti Martinez de Lezea, Herri Harmaila, Mikel Bizar, Jagoba Ormaetxea, Gatibu, David Berri Txarrak, Jon & Igor Ken Zazpi edota Jon Maiarena. Guztira, 240 pertsonaren laguntzarekin 16 abesti osatzeraino.
 
Athletic eta Kitto kultur elkartearen egitasmoa da 'Athletic gu gara' diskoa. Salmentatik eskuratuko dituzten irabaziak Saiatu fundazioarentzat izango dira, ezintasunen bat daukaten pertsonei kirol jarduerak ahalbidetu eta sustatzeko.
 
Disko honen argitaraldian ezinbestekoa izan da Mikel Bizar, Jagoba Ormaetxea, Carlos Trijueque, Patxo Prieto, Koldo Zerua eta Pablo Eguskizaren "bultzada" Athletic eta Kitto kultur elkarteak adierazi duenez.
 
Durangoko Azokan, Ahotsenea gunean, abenduaren 8an, astelehena, aurkeztuko dute jendaurrean diskoa. Azokan bertan salgai egongo da, baita musika-denda eta Athleticen dendetan ere.