Osakidetzako murrizketen aurrean, akordioa lortu arte kalean jarraitzeko borondatea berretsi dute sindikatuek

uriola.eus 2014ko abe. 5a, 11:21

Atzo, abenduak 4, Osakidetzako murrizketen aurka ekainean hasitako mobilizazio zikloari bukaera eman zioten 24 orduko grebarekin. Sindikatuek jakinarazi dutenez, atzokoa, egindako protesta guztien artean handiena izan da, bai grebaren jarraipenari begira eta baita manifestazioei erreparatuz ere. Hala ere, "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eta zerbitzu horien urraketa" salatu dituzte. 

Osakidetzako Mahai Sektorialean %100eko ordezkaritza duten sindikatuek (SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK) azaldu dute, mobilizazioen ondorioz Osakidetzako Zuzendaritzak mugimendu "txiki eta mediatikoak" burutu dituela, baina oraindik-orain ez diela langileen eta gizartearen beharrei erantzun. "Osakidetzan oraindik 3.000 lanpostu suntsiketa mantentzen dira, behin-behinekotasunak %30etik gora jarraitzen du, 8.000 langiletik gora dauzkagu modu jarraian behin-behineko kontratu bitartez lan egiten, lan-kargak eutsiezinak dira, ezin dugu nahi genukeen zerbitzua eskaini eta garapen profesionalaren eteteak eragin zuen soldata eskala bikoitza mantentzen da". Beraz, murrizketak mantendu bitartean, sindikatuek langileak mobilizatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.

LABek "oso arrakastatsutzat" jo du greba

LAB sindikatuaren esanetan, anbulatorio zein ospitaleetan, erabiltzaile eta langileen erantzuna "ezin argiagoa" izan da: "Osasun publikoa arriskuan dago eta denoi dagokigu bere defentsa". Bestalde, Osakidetzaren jarrera "axolagabe eta lotsagabea" salatu du; "aurreko lanuzteen minimoen dekretu bera erabiliz, irakurketa maltzurragoa egin dute eta gehiegizkoak ziren minimoak gogortu egin dituzte oraingo honetan. Eta larriena da, Osakidetza populazio gaixoa erabiltzen ari dela greba eskubidea urratzeko eta jendea gure kontra jartzeko, hain zuzen ere guk osasun arretaren kalitatea defendatzen dugunean".

ELAk eskerrak eman dizkie Osakidetzako langileei

ELAren ustez, "ezin da esan mobilizazioak arrakastatsuak izan direnik", haien helburuak oraindik ez daudelako beteta, bereziki enpleguari eta langileen finkatzeari dagokionez. Hala ere, "poza" azaldu dute mobilizazio dinamika horrek, "osasun publikoaren kalitatearen hobetzea" eragingo duelako.

Era berean, osakidetzako langileei eskerrak eman dizkiete, bereziki mobilizazioetan parte hartu dutenei, "gizartearekin eta Osakidetzarekin erakutsitako konpromisoagatik".

 

[2014/12/04] Osakidetzako langileek 24 orduko greba orokorra egingo dute