Alhondegiak Iñaki Azkuna izena hartuko du

uriola.eus 2014ko abe. 10a, 15:00

Gaur goizeko Udalbatzarreko Osoko Bilkuraren amaieran, Ibon Areso alkateak iragarri duenez, Alhondegiari Iñaki Azkuna izena emango zaio "bere kudeaketa politikoarekin lotura zuzena duelako". 

Goizean lau haizetara zabaldutako surrumurrua zen Udal gobernutik gertuko iturrien artean, gaur eman zezakeela ezagutzera Ibon Areso alkateak, Bilboko Alondegiari Iñaki Azkuna izena jartzeko asmoaren berri. Eta horrela izan da. Osoko bilkura amaitu aurretik bertako zinegotzien aurrean jakinarazi du Aresok aisialdi eta kulturarekin lotako eraikinaren izen berria.

Aresoren esanetan, Azkuna hil eta berehala, martxoaren 20an, hiritarrek Bilboko kale bati Azkunaren izena jartzea eskatu zuten. Hala ere, gogora ekarri du, aurreko alkateak ez zuela gogoko kaleen izenak aldatzea eta ondorioz, Alhondegian pentsatu zuela.

Bertako zuzendariari egin omen zion proposamena jarraian, Lourdes Fernandezi, eta bukatzeko udal taldeekin egin zuela harremana. EH Bildu izan ezik, gainontzeko Udal taldeek proposamena txalotu dute. 

"Genero indarkeriak lehentasunezko lekua izan behar du"

Bilboko Udalak gaurko Udalbatzarreko Osoko Bilkura hasi baino lehen joan den igandean Otxarkoagan gertatutako genero indarkeria kasua gaitzetsi du.

Emakumeen kontrako indarkeria-mota guztiek "zenbatezinak eta atzeraezinak diren kostuak eragiten dizkiete pertsonei, familiei eta gizarteari", Udal Bozeramaleen Batzordearen arabera. Egunotan izandako gertaerak "arlo pribatutik kanpo atera behar dira eta herri erakundeen nahiz gizartearen interesen zein kezketan lehentasunezko lekua izan behar dute".

EAJ, EH Bildu, PP eta PSE-EEren hitzetan, genero indarkeriak "bizitzak suntsitzeaz gain", bizitza publikoan emakumeen parte-hartzea ere, pertsona eta kolektibo gisa, "mugatzen du". Gainera, "bere ankerkeriaz, berdintasunean oinarritutako gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiteko oztopotariko bat da".

Otxarkoagan gertatutako genero indarkeria kasua gaitzesten duen adierazpen instituzonala irakurri ostean eman zaio hasiera gaurko egunera atzeratu den azaroko Udalbatzarreko Osoko Bilkurari.

Bestelako gaiak

“After hours”-en gaineko kontrola zorrozteko erabakia hartu du Udalbatzarrak EH Bilduren eskariz. Horretarako, segurtasuna, babes zibila, ingurumena, ostalaritza –ordutegi eta musikari dagokionez– eta osasun arloetan indarrean dauden ordenantzak nahiz Eusko Jaurlaritzaren dekretuak aplikatzea erabaki du. "Modu berean eta lokal mota hauek duten egoera alegalari bukaera emateko, normalean taberna lizentzia baitute baina bestelako zerbitzuak ematen dituzte, ezinbestekoa da Eusko Jaularitzak zehaztu ditzala zeintzuk diren mota hauetako lokalak ezartzeko eta funtzionatzeko irizpideak Kataluniako Generalitateak egin zuen bezala".

Gai ugari aztertuko dituzte gaurko Udalbatzarrean, besteak beste, jaiegunetan dendak zabaltzeko aukera eztabaidatuko dute beste behin.

Jakinarazpena

Langabeen Asanbladako kide batzuk bertaratu dira Udalbatzarreko aretora, aurreko batzarrean egin bezala. Udaltzaingoak jakinarazi die batzarra gelditu edota oztopatuz gero salaketa jarriko dietela. 

 

[2014/03/25] Plaza Biribila ‘Iñaki Azkuna plaza’ eta Moyua plaza ‘Kukutza plaza’