Datorren eguenean, abenduak 18, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, Aniztasuna Gestionatzeko Udalaren Estrategiaren barruan, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak zenbait jarduera antolatu ditu; aipagarrienak, Aniztasuneko Bizikidetzaren aldeko Auzokideen IV. Topaketak.
“Elkarteen rola kulturarteko hiria egiteko orduan” goiburupean zurrumurruen aurka Bartzelonan, Getxon, Tenerifen eta Bilbon egin diren esperientziak aztertuko dira. Atzerritarren gainean dauden zurrumurruei eta estereotipoei eta beroriei aurreko egiteko moduei buruzko bestelako ikuspegiak eta ekarpenak dituzten pertsonen arteko elkarrizketak izango dira.
Deustuko Ibarrekolanda plazako Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan emango den '¿Rumores o verdad? ¿Te atreves a participar?' izeneko telebista-saioaren ostean, 18:30ean, emango zaie hasiera topaketei. Aurrena Marife Calderon Bartzelonako Udaleko 'Barcelona interculturalidad' programako teknikari arduraduna arituko da. Ondoren, Bartzelonako, Tenerifeko, Getxoko eta Bilboko zenbait elkartek hiri horietan zurrumurruen aurka bideratutako estrategiak aurkeztuko dituzte. Estrategia horiek betiere diskriminazioa areagotzen eta kulturarteko hiriak taxutzeko oztopo diren estereotipoei aurre egiteko dira. Eztabaidak eta kulturarteko cateringak emango diote amaiera jardunaldiari. Abenduaren 26an, Deustuko Udaltegian, 18:00etatik aurrera 'No me vengas con cuentos' World Cafea eta film laburraren emanaldia.
Aniztasunaren aldeko bestelako jarduerak
Auzokideen topaketen laugarren edizioa ez da Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguneko jarduera bakarra. Bilbo irekiago, toleranteago eta elkarbizitza ahalbidetuko duten aukera gehiago ekarriko dituen kultur anitzagoa bihurtuko duten hitzorduen artean hauek daude:
• 'Urte Askotarako' proiektua: abenduaren 18an (osteguna), Errekaldeko Iturrigorri-Jose Orbegozo ing. LHIn. Bestelako kulturetako ikaskideak ezagutzen eta onartzen jardungo dute lehen hezkuntzako ikasleek, adin bakoitzera egokitutako tailerren bidez. Topaketa amaitu eta edukiak jorratu eta gero, parte-hartzaileek koreografia bat egingo dute.. Horrelako jarduera ludikoei esker, ikasleen artean begirunea, tolerantzia eta aniztasuneko bizikidetza sustatzen da ikasleen artean.
• Goizez eta arratsaldez, eragile politikoak, teknikoak eta elkarteetakoak protagonista izanik, irratiko jardunaldiak egingo dira, zuzen-zuzenean Castañosko Auzo Etxean, Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak eta udalerrian immigrazioaren arloan lanean diharduten elkarteek gauzatzen dituzten jardueren eta ekintzen berri emateko entzuleei.
• Abenduaren 20an, 18:30etik aurrera, Ignacio Ellacuria Gizarte Fundazioaren lokaletan topaketa parte-hartzailea egingo da, etorkinen elkarteak indartzeko programaren barruan “Cruzando fronteras para crecer en derechos” goiburupean.