Sasoi berean sari hirukoitza lortu zuen, besteak beste, Juan Martinez de Irujo iberoarrak, Aimar Olaizola goizuetarrari, Lauterdiko txapela irabaziz, Bilboko Miribillan dagoen Bizkaia frontoian (22-17).
Garaipen sendoa, serio eta ziur jokatua baina, egun aktibo dagoen, pilotari sarituenak beldurra erraietara txertatu zion, bederatzigarren kartoian berdintzean edota 21-14tik 21-17ra hurbildu zitzaionean. Kantxa eta harmailak emozioz gainezka jarri zituen une horien adiera, Irujok garaikurra eta lore-sorta jaso zituenean haginak eta hortzak nola estutu zituen ikustea. Ez zen, ez, irribarre zabal bat erakusteko gai izan, podio hartatik ere. Ordurako, azken tantoaz batera, lurrean etzan eta lehen kazetariei erantzun ezinik gertatu zen txapeldun handia.
Tentsioak tentsio, gutxitan eman dira, atzokoan bezala, aurreikusiaren atzemanak. Are gutxiago, Olaizola IIa, 'Goizuetako Azeria', lehian dagoenean. Norbere burua aditutzat duten (ditugun) gehienok aurretik ikusi genuen Aimar ez zegoela joko punturik onenean, Juanek azken partidetan itxura bikaina eman zuen tartean. Ez genion, akaso, sinetsi dena goizuetarrari, baina txapelketa osoan nabarmendu zen goiengo mailatik urrun zegoela. Txapeldun berria, ostera, behetik gora etorri da lehia aurrera joan den heinean.
Finalaren hasieratik bukaerara gailendu zaio txapelduna Olaizolari, neurri batean azken hau gizartiatuz; beste mundukoa dela ematen duelako sarritan. Teknikoen artean duda-mudak izaten dira bata ala besteak dituen baliabide edo ahalak gailentzen diren baina, azkenean, Aimarren efizientzia da goitik jartzen dena. Oraintsu ikusiko estatistikaren baten, profesional mailako partiden %80 irabazi omen ditu goizuetarrak.
Atzokoan ez. Atzo Juan Martinez de Irujo izan da protagonista. Pilota astinduz, kantxan beti ongi kokatuz, arerioaren akatsak bilatuz, hutsunetara pilota bidaliz (sake bi zabalera, kasurako) eta kirioak dantzan sentitu arren, patxada zainduz. Partida 22ra arte eraman arte eta sekula inork lortu ez duen urteko hirukoitza lortuz, bigarrenez gainera, 2006. urtean ere bera izan zelako kantxa osoan buruz buruko, lauterdiko eta bikotekako txapelak irabazi zituena, eta aurten berriro. Urte borobila eta historian sartzeko urratsa, berez irregularra den, iberoarrarentzat.