Torturak salatu torturekin bukatzeko

uriola.eus 2014ko abe. 17a, 17:52

Hainbat bilbotar ari dira parte hartzen Kriminologiako Euskal Institutua osatzen ari den tortura kasuen erroldan. Horietako hirurekin elkartu da URIOLA. Hirurek jasan dituzte torturak eta torturak salatzearen garrantziaz hitz egin digute.

Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Bake eta Bizikidetza Planaren baitan, 1960-2010 bitartean torturatuak izan ziren euskal herritarren errolda osatzen ari da Kriminologiako Euskal Institutua, Paco Etxeberria buru duela, Euskal Memoria fundazioak aurrez egindako datuetan oinarrituta eta Euskal Memoriaren beraren izenean.

Ikerketaren helburua epealdi horretan torturen "benetako eragina argitzea" da. Aitortza, erreparazioa eta prebentzioaren arloan "ondorioak ezartzeko".

Torturak jasan zituzten herritarren errolda egitea eta haien testigantzak jasotzea, Bilbo bezalako hiri batean, zinez zaila da, zeren torturatua izan zen hainbat jendek ez du torturatua izan zeneko kontzientziarik ('bueno, jipoi batzuk besterik ez ziren izan' pentsatzen dute) edota lan hau egiten ari den albisterik ez dute, hiri handi batean ekimenak ezagutzera ematea zaila baita oso. Ez da herri txiki batean bezala zeinetan ahoz bakarrik denak zerbaiten berri izatera irits daitezkeen.

Bilbon bada pertsona talde bat, auzo desberdinetan, izen eta testigantzen bilketa hau egiten ari dena. Eta badira hainbat bilbotar beren testigantza eman dutenak honezkero. Horietako hiru dira Juanjo Arrizabalaga, Uxua Olalla eta Naia Zuriarrain. Hirurak izan dira torturatuak, indar polizial desberdinek torturatuak, garai desberdinetan.

1975ean, Franco hil aurretik, atxilotu eta torturatu zuen Polizia Nazionalak Juanjo. 1997an, lehenengoz, eta 2010ean, bigarrenez, tortura jasan zuen Naiak. 2002an atxilotu eta torturatu zuen bost egunez Guardia Zibilak Uxua.

Orain baino lehen hirurek salatu dituzte sufritutako torturak, eta tortura kasuak ikertzeko eta zabaltzeko egitasmoetan parte hartu dute. Euren aburuz garrantzitsuak dira torturaren inguruan egiten diren lan guztiak, baita Kriminologiako Euskal Institutuak esku artean duen erroldaren osaketa ere. Ikerketa hori lan osatua izateko torturak jasan eta salatu ez dituzten pertsonen parte-hartzea eskatu dute. Jakin badakite, asko eta asko direla salaketaren urratsa eman ez dutenak. Horiei ausart jokatzeko eskatu diete, aldaketaren bat lortu ahal izateko bide bakarra dela uste dute.

Kriminologiako Euskal Institutuaren erroldak eragin ditzaken aldaketetan jarrita dute itxaropena, gaur egun arte luzatu diren torturak behin betiko desager daitezen.

 

 

Kriminologiako Euskal Institutua