Arau-haustura arinengatik jartzen diren zigorren ordezko gizarte lanak geroz eta arrakastatsuagoak

uriola.eus 2014ko abe. 17a, 13:00

Gazteei zuzenduta dagoen Adiskidetuz proiektuak gaur egungo egoera ekonomikoari begiratzen dio batik bat, eta arau-hausleei gizalegearen aurkako jokabidearen ondorioez kontzientziatzea du xede.

Bilboko Udalaren Segurtasun Sailak eta Parte-hartze eta Barrutietako Sailak aurkeztu dute ‘Adiskidetuz Programaren bigarren edizioa, Komunitatearekin parte hartzen’. Proiektu hau iaztik landu dute elkarlanean.

Batik bat, gazteengana zuzenduta dago eta gaur egungo egoera ekonomikoari begiratzeaz gain, arau-hausleei gizalegearen aurkako jokabidearen ondorioez kontzientziatzeko xedea dago. Hala, udal ordenantzen arau-haustura arinengatik jarritako zehapen ekonomikoen ordez gizartearen mesederako lanak egiteko aukera dago, kale-edanaren edo herritarren bizikidetza baketsua eragozten duten beste jokaera batzuen kasuan bezala.

Ekimenaren xedea egoera horiei aurrea hartzea da eta horretarako bizikidetza eta gizarte-harremanak sendotzen dira, horrelako jokamolderik berriro egon ez dadin, zehapenak hezteko moduan betearazteko asmoz.

Honako hauek dira programa honetan aurreikusitako jardueretariko batzuk: haien ekintzen ondorio kaltegarriez ohartarazteko kanpainetan parte hartzea, ikastetxeetako jantokien zaintza eta diziplinarako laguntzea edo adinekoak laguntzeko lanak egitea. Gizarte- eta hezkuntza-arloetan izen handia duten hainbat erakunderekin lankidetzan gauzatzen da.

Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazioko Sailak ekimena sustatzen du, EAEko Bakea eta Giza Eskubideetarako hezkuntzari lotuta dagoen dirulaguntza-ildo baten bitartez, Bizikidetzarako eta indarkeriari legitimazioa kentzeko planaren barruan.

Programaren ezaugarriak

Zehapena ordezteko jarduerak gehienez, egun bakoitzeko 8 orduz egingo dira eta, egin beharreko ordu-kopurua, bete gabe utzitako zehapenaren diru-kopuruaren arabera ezarri da. Ikasle eta langileen ordutegiak errespetatuko dira.

Hona hemen aurreikusitako jardueretariko batzuk: eskola-kiroleko jardueretan edo ikastetxeetako jantokien mantentzean zein diziplinan parte hartzea; gizalegearen aurkako ekintzek auzokoei dakarzkieten ondorio kaltegarriez gazteak gogoeta egiten laguntzea komunikazio-kanpainen bidez; ikastetxeetan unean uneko eskariei laguntzea (patioetan adingabekoak zaintzea, liburutegiak zaintzea ...) edo adinekoak laguntzea haien paseo, irakurtaldi edo aisiako jardueretan nahiz haiekin joan-etorri txikiak egiteko.

Adiskidetuz Programarekin momentuz bat egin duten erakunde laguntzaileek gizarte-kultura sustatzeko jarduerak eskaintzeko eta horiek betetzen direla zaintzeko konpromisoa hartu dute.

Jarduerak amaitutakoan, modu formalean emaitzak jakinaraziko dituzte banakako txostenen bitartez (zereginak, horretarako emandako denborak eta abar…) eta Segurtasun Sailera igorriko dituzte. Bertan, hartuko konpromisoak betetzeari buruz ikusitakoaren arabera, zehapena kenduko den erabakiko dute.

Programa hau fase pilotu batekin hasi zen 2013an eta bere Lehenengo Fasean (2013ko urria – 2014ko martxoa) emankorra izan da. Gaur egun Bigarren Fasearen hasieran dagoenez, finkatzen dabilela baieztatu daiteke.

Lehenengo Edizioaren Balantzea

2014ko martxoan amaituta, fase honetan guztira 62 kasu aurkeztu ziren eta horietatik 50 lagunek proiektua ondo amaitu zuten (%81), eta 12 pertsonek bertan behera utzi zuten (%19), ondoko arrazoiengatik:

• Ez ziren prestakuntza-saioetara joan: 7 pertsona (%64)
• Norbere borondatez isuna ordaindu zuten: 2 pertsona (%18)
• Ez zen egon harremanetan jartzeko modurik: 2 pertsona (%18)
• Ez ziren lantokira joan: pertsona 1 (%8)

Fase honetako emaitzak oso onak izan ziren, gazteen %93ak Lan Komunitarioak gomendatuko lituzketelako eta parte hartu zutenen %100a pozik edo oso pozik agertu da Bilboko Udalaren kudeaketa eta erakunde laguntzaileek eskainitako arreta baloratzean.
Programan laguntzen duten erakundeen aldetik balorazioak ere oso positiboak dira, izan ere erakunde guztiek berriro lagunduko lukete programa honetan eta guzti horiek oso pozik agertu dira bertan izandako esperientziarekin.

Aurkeztu ziren 62 kasuetatik, 51 gazte (%82) kale-edanarengatik zehatuak izan ziren eta gainerako 11 (%18) gizalegearen aurkako ekintzengatik zigortuak izan ziren: bandalismoa, jendaurreko iskanbila (zaratak, oihuak,..).

Guztizkoaren %85ean, hau da, 53 pertsonaren kasuan, adinak 18 eta 25 urte bitartekoak ziren eta gainerakoak (15 urteko bat izan ezik) 26 urte baino gehiagokoak ziren.

Bestetik, lagun horietako 47 gizonezkoak ziren (%76) eta 15 emakumezkoak (%24) eta zehapenaren arabera, horrela agertzen dira sailkatuta:
• Kale-edanagatik zehatuak: 38 gizonezko (%75) eta 13 emakumezko (%25)
• Gizalegearen aurkako ekintzengatik zigortuak: 9 gizonezko (%82) eta 2 emakumezko (%18)

Programa honetako zati garrantzitsu bat gizarte- eta hezkuntza-alorrean izen handikoak diren erakundeekin izenpetutako hitzarmenek osatzen dute, gazte hauek aipatutako lanak egiteko aukera izan dezaten izenpetutakoak. Programa amaitu duten 50 pertsonek hurrengo zentroetan egin dute:

• Otxarkoagako Prestakuntza Zentroa: 6
• Gurutze Gorria: 5
• Nazioarteko Elkartasuna: 2
• Tendel Elkartea: 9
• Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea: 4
• Bakuva: 3
• DYA: 18
• Gaztaroa-Sartu: 1
• Igurco Egoitza eta Eguneko Zentroa (Bilbozar): 2
• Miribillako LHI: 0
• Federico de Goya – Lope de Vega LHI: 0

Halaber, bigarren edizioan gizarte-lanei buruzko araudia plazaratuko da, parte-hartzaileek erabili ahal izateko.

Bigarren edizioaren hasiera

Gaur egun, aipatutako arau-haustura hauen ondorioz gizarteari eragindako kaltea konpontzen jarraitzeko asmoz eta lortutako emaitzak ikusita, Adiskidetuz programaren bigarren edizioa hasi da.

Bigarren fase honetarako 94 lagun aurkeztu dira programarako, baina 64k soilik izango dute atxikitzeko aukera. Horrela sailkatuta daude:

• 28 lagun kale-edaneko kasuengatik (23 gizonezko (%82) eta 5 emakumezko (%18)
• 36 lagun gizalegearen aurkako ekintzengatik (32 gizonezko (%86) eta 4 emakumezko (%11)

Proiektutik kanpo geratu dira horretan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituztenak, 25 urte baino gehiagokoak izateagatik, kale-edaneko edo gizalegearen aurkako ekintzen (ganberrismoaren) ondoriozko arau-hausturak ez izateagatik.

Une honetan, 2014an zehapena jaso eta ordaindu behar duten arau-hausleekin harremanetan ipintzen ari dira, programa honetan sartzea eskaintzeko. Interes, prestakuntza eta ordutegien arabera, haietariko bakoitzaren soslaia garatu beharreko jardueren arabera egokituko da.