Sare Herritarrak agerraldia eskaini du gaur, Bilbon, urtarrilaren 10eko mobilizazioaren inguruko xehetasunak emateko eta 101 pertsona esanguratsuk deialdiarekin bat egin dutela jakinarazteko. Bertan, Maddi Mochalesek eta Joseba Azkarragak hartu dute hitza eta beste behin, preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzean "masiboki" parte hartzeko deia luzatu dute.
"Milaka eta milaka herritarren garraxi isila azken txokoraino irsteak" duen garrantzia azpimarratu dute, "munduak ikus dezan dispertsioari amaiera jartzea ez dela eztabaida ideologiko ez eta sigla politiko kontua".
Era berean, hitzorduari babesa eman dioten sektore ezberdinetako 101 pertsona aurkeztu dituzte, besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazlea, Santiago Alba Rico filosofoa, Jagoba Arrasate entrenatzailea, Txaro Arteaga Emakunde ohia, Ernest Benach Catalunyako Parlament-eko lehendakari ohia, Sustrai Colina bertsolaria, Julio Ibarra idazlea, Matti Iturralde medikua, Aimar Olaizola pilotaria, Patxi Ormazabal politikari ohia, Nagore Osoro Zumaiako nesken arraunlarien patroia edota Willy Toledo aktorea.