Herri bat, talde bat

uriola.eus 2014ko abe. 23a, 20:13

Jauzia ekimenak Euskal Selekzioak babestesko eta ofizialtasunerantz urratsak emateko ekintza ezberdinak aurkeztu ditu Carlton Hotelean. 'One country, one team' lelopean, hainbat kirol taldek eta federaziok ofizialak izatera iritsi nahi dute.

Jauziak ofizialtasunaren aldeko ekimen herritar eta parte-hartzailea antolatuko du Euskal Selekzioa eta Catalunyaren arteko partidua hasi aurretik. Hitzordua, abenduaren 28an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Moyua plazan, eta Jesusen Bihotzera arte joango dira desfile bat eginez. Bertan, arlo askotako kirolarien presentzia espero da, Euskal Selekzio guztien ofizialtasuna bultzatzeko.

Desfilearen ondoren, ekitaldi labur bat egingo dute, eta bukatzerakoan, Mikel Laboaren Txoria-Txori eta Lluis Llachen L'estaca kantak abestuko dituzte. Abesterakoan, bufandak astinduko dituzte, zelaietan egiten den modura, Bilboko Kale Nagusia kolore berdez janzteko. Horretarako, kamisetak eta bufandak salgai egongo dira.

 

Aurkezpenean adierazi dutenez, beraientzako garrantzitsuena herritarren parte-hartzea da. 'One country, one team' (Herri bat, talde bat) leloa Hegoafrikako errugbi taldeak erabili zuen 1995eko mundialean. Mandelak egindakoaren ildo beretik jarraitu nahi dute, herritar guztien integrazioa eta parte-hartzea bilatuz. Horrez gain, nazioarteko hedapena sustatzen ahalenginduko dira.

Jauzia ekimenak atxikimendu ugari eduki ditu azken egunetan. Athleticeko jokalariak, pilotariak, txirrindulariak, atletak, mendizaleak eta kirolariak ez diren pertsona ugarik Jauziarekin bat egin dute, eta sare sozialetan zabalpena handia eman diote. Izan ere, hainbat batzar eta harreman burutu dituzte azken asteetan, eta partiduaren ostean lanean jarraituko dutela azaldu dute aurkezpenean.

 

https://twitter.com/ofizialtasunera