Lehenik eta behin, Estatu espainarrak ez du betetzen Europako Karta Sozialak agintzen duena. Irizpide horren arabera, Hego Euskal Herrian Gutxieneko Soldata 1.100 eurotan (15.400 euro urtean) egon beharko luke, Estatuak ezarri baino %41 gehiago. Madrilen hartutako erabakia opari berri bat da enpresarientzat. Beraz, beste urrats bat aberastasuna gero eta modu injustuagoan banatzeko eta desberdintasunak areagotzeko herritarren artean.
Bigarrenik, erabat eskandalagarria da Madrileko Gobernuak inposatutako Gutxieneko Soldata 12.000 euroen azpitik izatea, hau da, Europako Batasunak markatzen duen gutxieneko errenta jendea pobrezian bizi ez dadin, Hego Euskal Herriko bataz besteko errentaren arabera. Neurri honek oso negatiboki eragiten du langabeziagatiko prestazioak, subsidioak eta diru sarrerak bermatzeko errentak jasotzen dituztenengan, prestazio guzti hauek Gutxieneko Soldatarekin lotuta baitaude. Emaitza: mila lagun ez daude pobreziatik babestuta behar bezala.
Bukatzeko, Gutxieneko Soldataren inposizioarekin batera, iraupen luzeko langabe batzuei (7tik bat) onartutako 426 euroko laguntza lotsagarriak, eta pentsiodunei aplikatutako %0,25eko igoerak agerian uzten dute zenbateraino galtzen duten Euskal Herriko langileek, babes sozialeko sistema eta lan harremanetarako esparru propiorik gabe.
Egungo markoa kudeatzen duten botere politiko eta ekonomikoak bakarrik mantentzen dira gehiengoaren prekarietatea eta pobreziaren kontura. Horixe da daukaten berme bakarra aberastasuna pilatzeko. Beraz, langileon duintasuna ukatzen duen marko honekin bukatu eta gure erabakiak hartzea galerazten duen erregimenarekin loturak haustea da daukagun aukera bakarra berdintasuna, duintasuna eta justizia handiagoa lortzeko Euskal Herrian.