Efizientzia energetikoaren arloko azken aurrerapenak dituzten sei autobus berri Bilbon

uriola.eus 2014ko abe. 26a, 08:45

Argazkia: @AlfonsoGil

Bilbobusen autobusen artean egongo diren Mercedes Citaro motako hamaika autobusetatik sei autobus dira orain Bilbora helduko direnak. Efizientzia energetikoaren arloko azken aurrerapenak dituzte autobusok. Bilbobusek aurrera egin du horrela hiri-garraioaren kalitate ona eskaintzeko konpromisoan.

Euro VI izeneko europar araua 2014ko urtarrilean sartu zen indarrean eta autobus hauek betetzen dute arau hori. Hortaz, isurtzen duten nitrogeno-oxidoaren %80ko murrizketa eta partikulen %66ko murrizketa gauzatzen dute Euro V izeneko aurreko arauarekin alderatuta.

Autobus berriek jarrita 25 pertsona eroan ditzakete eta zutik 64. Plataforma baxukoak dira; badute mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat arrapala automatikoa eta gurpil-aulkietarako espazio bi dituzte erreserbatuta, ezinduentzat edo umeen aulkiak ipintzeko.

Bilbobusen autobusen flotarako 6 ibilgailu berri hauek erosteko 1,5 milioi euro inbertitu behar izan dira.

Bizikletak eramateko sistema

Zenbait aukera aztertzen ari dira orain autobusen kanpoaldean bizikletak eramateko sistemak jartzeko. Neurri aitzindaria da eta modu esperimentalean jarriko dira. Egitura hauek autobusen atzeko aldean jarriko dira; halaxe ezartzen baitu Ibilgailuen Arautegi Orokorrak.

Ainguratzeko erraztasuna eta autobusaren segurtasuna berma ditzaten sistemak probatzen ari dira. Gainera bizikleta geldialdi batean jaitsiko dutela txoferrari jakinarazteko botoi bi egongo dira.

Modu askotako mugikortasuna sustatu nahi da eta horrela erabiltzaileek garraiobide ezberdinak erabiltzea bidaia berean; kasu honetan autobus berriak eta bizikletak erabiltzea bidaia berean.

Segurtasuna

Autobus berri hauek badituzte segurtasun-neurri guztiak eta, gainera, superregiturak iraulketari dion erresistentziari buruzko ECE R-66 arautegia ere betetzen dute autobus hauek, nahiz eta arautegi hori hiri barruko 1 motako ibilgailuentzat oraindik bete beharrekoa ez izan. Erreserbatutako lekuetan badaude segurtasun-uhalak, umeen aulkia edo karroa ainguratzeko; eta badu, aurrez aurreko talka izanez gero, gidariaren postua babesteko sistema bat. Era berean, aurreko ardatzeko gurpilek esekidura independentea dute eta ibilgailuak maldan galgatzeko edo baleztatzeko sistema ere bai.