Euskal Herriko eta Kataluniako kirolaren aldarrikapen eguna

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko abe. 28a, 12:07

Naiz.Eus

Euskal Selekzioak, Kataluniako Selekzioarekin bat, beraien ofizialtasuna aldarrikatuko dute San Mamesen 20:30ean jokatuko den norgehiagokan.

Euskal Futbolaren festa eta aldarrikapenaren eguna biziko da gaur arratsaldean Bilbon. Egitaraua 19:00etan hasiko da Moyua plazan Jauzia ekimenaren eskutik. Carlton hotelaren aurrean bilduko dira eta Jesusen Bihotzera arte joango dira desfile bat eginez. Bertan, arlo askotako kirolarien presentzia espero da, Euskal Selekzio guztien ofizialtasuna bultzatzeko. 

Desfilearen ondoren, ekitaldi labur bat egingo dute, eta bukatzerakoan, Mikel Laboaren Txoria-Txori eta Lluis Llachen L'estaca kantak abestuko dituzte. Abesterakoan, bufandak astinduko dituzte, zelaietan egiten den modura, Bilboko Kale Nagusia kolore berdez janzteko. Horretarako, kamisetak eta bufandak salgai egongo dira. 

Aldarrikapena bukatu eta gero San Mamesera hurbilduko dira, Euskal futbolaren festaz gozatzeko prest. Partidua 20:30ean hasiko da, baina hasi baino lehen, talde bien ereserkia abestuko dute. 40.000 sarrera inguru saldu dira, beraz, harmailak ez dira guztiz beteko. Txarteldegian azken ordurarte egongo dira salgai. 20 eta 25 euro balio dute, lagunarteko partida bat izateko, eta krisi garaian egoteko, lar garestiak.

Baina zelaiain ikusi dezakegun norgehiagoka berezia izango da oso. Euskal Selekzioa eta Katalunia aurrez-aurre. Maila haundiko jolalariak zelairatuko dira, Munduko Txapelketa irabazi duten jokalariak tarteko. Ikuskizuna paregabekoa izango da, bai zelaian, bai harmailetan. Giro aparta espero da Bilbon, nahiz eta eguraldiak ez duen asko lagunduko, Arenaleko “Fan Zone” egun guztia irekita egongo da, Euskal zale guztiak babesteko. 

Jose Mari Amorrortu eta Jokin Etxarrik 22 jokalari deitu dituzte jokatzeko, lehenengo eta bigarren mailetan jokatzen dutenak. Baina, jokalari horien artean, ez da egongo Arabako ordezkaririk, ez bertan jaioak, ez Alaveseko jokalaririk. Horrek, Gasteizko zaleak eta, batez ere, agintariak, sumindu ditu. Honek dira Euskal Selekzioaren eta Kataluniaren deialdiak:

 

Euskal Selekzioa: Aritz Aduriz (Athletic), Jon Aurtenetxe (Athletic), Mikel Balenziaga (Athletic), Beñat Etxebarria (Athletic), Xabi Etxeita (Athletic), Ibai Gómez (Athletic), Gorka Iraizoz (Athletic), Ander Iturraspe (Athletic), Mikel San José (Athletic), Markel Susaeta (Athletic), Jon Ansotegi (Real Sociedad), Yuri Berchiche (Real Sociedad), Markel Bergara (Real Sociedad), Carlos Martínez (Real Sociedad), Íñigo Martínez (Real Sociedad), Xabi Prieto (Real Sociedad), Mikel Arruabarrena (Eibar), Eneko Bóveda (Eibar), Ander Capa (Eibar), Xabier Iruretagoiena (Eibar), Dani García (Eibar) eta Roberto Torres (Osasuna).

 

Katalunia: Sergio Busquets (FC Barcelona), Jordi Masip (FC Barcelona), Sergi Roberto (FC Barcelona), Gerard Piqué (FC Barcelona), Marc Bartra (FC Barcelona), Jordi Alba (FC Barcelona), Martín Montoya (FC Barcelona), Sergi Samper (FC Barcelona), Xavi Hernández FC Barcelona), Kiko Casilla (RCD Espanyol), Víctor Sánchez (RCD Espanyol), Sergio Gacía (RCD Espanyol), Víctor Álvarez (RCD Espanyol), Aleix Vidal (Sevilla), Gerard Deulofeu (Sevilla), Andreu Fontàs (Celta), Sergi Gómez (Celta), Francisco Medina 'Piti' (Granada), Jonathan Soriano (Red Bull Salzburgo), Gerard Moreno (Villarreal), Alberto de la Bella (Real Sociedad) eta Álvaro Vázquez (Getafe).