Bederatzigarrena patrikan

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko abe. 29a, 08:00

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Koparako postu bat lortzea hurbilago dute beltzezko gizonek atzo Obradoirori irabazi ostean (70-58).

Inuzente egunean ez zen ezustekorik izan eta Bilbao Basketek Rio Natura Mombus Obradoirori gailendu zitzaion. Partidu erraza izan zela pentsatuko dute ikusi ez zutenek, hamabi puntuko diferentzia ikusita, baina talde galiziarrak ez zuen amore eman norgehiagokaren azken minutuak arte.

Ondo hasi ziren Sito Alonsoroenek, Hervelle, Lopez eta Mumbruren puntuekin eta defentsa sendoa erakutsiz. Arlo honetan Dejan Todorovicen lana goraipatu beharra dago, Alberto Corbacho talde galiziarraren izarra ia desagerrarazi baitzuen. Lehenengo laurdena 20-13 bukatu zen.

Pasa den igandean Badalonan gertatutakoa errepikatu zen atzo Miribillan. Bigarren laurdenean etxeko taldearen gainbehera etorri zen. Aurkariaren meritoa ere bada, Moncho Fernandezen mutilek defentsan serioago ibili baitziren eta erasoko jokoa ere hobetu baitzuten. Pixkanaka, Obradoirok diferentziak txikitu zituen. Atsedenaldira heltzeko 1:30 gelditzen zela, lehia berdindu zuten eta aldageletara bi puntuz goitik joan ziren (32-34).

Bueltan norgehiagokak berean jarraitu zuen. Talde bisitaria eroso jokatzen eta etxekoak noraezean. Hirugarren laurdenaren erdialdea heldu zen arte. Bilbao Basketen antolatzaileek ardura hartu eta bien artean 11 puntu sartu zituzten (Lopezek bi hiruko sartu zituen partzial horri hasiera emateko). Obradoiro partiduan mantentzen saiatu zen arren, Andjusicenek bost puntuko errenta erosoa eman zizkion Bilbao Basketi azkenengo laurdenerako (54-48).

Azkenego hamar minutuetan Dejan Todorovic agertu zen erasoan. Norgehiagoka osoan bere indar guztiak defentsa zorrotzean erabili ostean, berak ere puntuak pilatu nahi zituen. Bere lehenengo saskiratzea uztaia birrinduz lortu zituen Bilbao Arenan bildu ziren 8821 zaleak zutik jarriz. Bi minuturen faltan amore eman zuen Obradoirok markagailuan diferentzia hamar puntukoa zenean. Hamabostekoa izatera iritsi zen, baina amaieran 70-58 markagailua izan zen eta Bilbao Basketek bere bederatzigarren garaipena lortu zuen.

Beste behin taldeko lana goraipatu beharra dago beltzezko gizonen kasuan. Jokatu zuten guztiek puntuak eskuratu zituzten (2 gutxienez, Lopez 12rekin izan zen arlo honetan nagusia) baina baita erreboteak pilatuz (Williams 7 hartuta nabarmendu zen Bilbon elastiko beltzarekin jokatuko duen azkenengo partiduan; hunkigarria izan zen zaleek amerikarrari lehiako azkenengo minutuetan eskainitako txalo zaparrada) eta asistentziak banatuz (Lopezek eta Hervellek launa eta Colom eta Mumbruk hiruna asistentzia).

Adam Waczynski (13 puntu), Pavel Pumprla (8 puntu, 5 errebote) eta Rafa Luz (8 puntu, 2 errebote, 2 asistentzia) nabarmendu ziren Obradoiron.

Ligak ez du etenik eta Bilbo Basketek bihar Tenerifen jokatuko du 2014ko azkenengo partidua Iberostarren aurka. Lehia gaueko 22:15ean izango da (penintsulako ordutegia; etb1). Sito Alonsok ezin izango du Dairis Bertans kantxaratu ez baita bere lesiotik osatu eta azkenengo momentuan ikusiko da Mumbru kapitaina jokatzeko dagoen, atzo hankan kolpea hartu baitzuen.