Are erronka handiagoa motorraren munduko kirol probarik latz eta gogorrenean. Horixe da Ignacio Corcuera ‘Livingstone’ abenturazale eta pilotu bilbotarra, Dakar Rallyan egingo duen bakarkako hirugarren parte-hartzean gauzatu nahian dabilena. Proba urtarrilaren 3an hasiko da Buenos Airesen, rallyari hasiera emateko etaparekin. Livingstone Bilbotik Argentinako hiriburura abiatuko da, Argentina, Txile eta Bolivia zeharkatuko dituzten 14 etapatan, dunez, bide harritsuez eta bestelako gorabeherez betetako 9.000 kilometro egitera behartuko dituen proba horretan lehiatzeko asmoz.
Pilotu bilbotarrak, 410 dortsala daramala, erronka paregabea gainditu beharko du berriz ere Bilboko Udalaren lankidetzaz. Dakarren historian hirugarren aldiz bakarka lehiatuko den Estatuko lehendabiziko pilotua izango da. Areago, 37. edizio honetan, lur orotako ibilgailua bakarka gidatuko duten zazpi pilotuetako bat izango da, Estatuko bakarra.
Balentria honek, kirol bizitza osoan erakutsi duen adorearekin batera, Bizkaiko Kirol Prentsa Elkarteak banatzen duen ‘Giza-Balioak eta Ardura’ saria bereganatuko dio. Bere alaba Maria Corcuerak jasoko du bihar golardoa, aita Argentinara hegan doan bitartean, kazetarien elkarteak antolatzen duen urteko galan.
Hegoamerikan Dakarren erronka aparta izango du zain, baita aurreko bi parte-hartzeetan izandako hutsegiteetatik ikasi beharra ere. Livingstone buru duen Euskadi 4x4 taldeak zortzigarren etaparaino iristea lortu zuen 2012an, bahetzeko etapa batean antolatzaileek zehaztu baino 10 minutu beranduago iritsi baitzen. Hurrengo urtean, zorte txarragoa izan zuen: lehian zerabilen kuadrizikloan izandako matxura elektriko batek bertan behera utzi zuen lehendabiziko etapan.
Horretarako Corcuerak probarako erabat egokituta dagoen ibilgailu batez baliatzeko aukera izango du. Azken hilabeteotan, 2012ko ediziorako erabili zuen Mitsubishi Montero Di-d Ralliart goitik behera eraberritu da. Horrela, 230 ZPko lur orotako ibilgailuak motorra eta suspentsioa zeharo eraberrituak ditu, baita egitura arinagoa ere, karbono-zuntzaren erabilerari esker.
Era berean, ibilgailuaren alde elektronikoa kendu da, berogailua eta aire egokitua barne, aisa asko matxura daitezkeelako hauts, bibrazio eta muturreko tenperaturen eraginez. “Aurreko bi parte-hartzeetan izandako hutsegiteetatik ikasi dugu; horregatik egokitu dugu ibilgailua esperientziaren arabera”, adierazi du. Pilotuaren eta mekanikari-taldearen hitzetan, orain, 4x4 ibilgailuak proba amaitzeko berme guztiak ditu.
Prestaketa mentala
Alde psikologikoan, mentalizazioa ere ezinbesteko baldintza da Dakarren barneratzeko. Muturreko tenperaturek –50 gradurainokoak ibilgailuen barruan– eta lasterketaren altuerak –3.000 metrokoa batez beste, 4.500 metroko igarobideak tarteko– zailtasunak gaineratzen dizkiote bakarka joan beharrari. “Kopiloturik gabe lehiatzeko zailtasuna ez da biz biderkatzen, hiruz baizik”, esan du Livingstonek.
Horri guztiari erantsi behar zaizkio egunero orientatu beharraren buruhausteak eta Dakarren antolatzaileak sartuz joaten direnak. Adibidez, dunak ez dira soilik eragozpen tekniko bat ibilgailuentzat eta pilotuentzat. Horien zailtasuna askoz ere harantzagokoa da. “Eguerdian, eguzkia goi-goian dagoenean, dunek lurralde laua dirudite; baina horrek ez du zerikusirik errealitatearekin, eta izugarri zaildu eta eragozten du gainditzeko irtenbidea aurkitzea”, argitu du pilotuak.
Honela, duela 18 urte baino gehiagoz geroztik raidetako pilotu bihurtu den anbulantzia-gidaria abenturara itzuliko da, mundu osoko rallyetan egin duen bezalaxe. Horregatik eman zioten motorraren munduko kideek ‘Livingstone’ goitizena. Horregatik eta une oro bakarka lehiatzeko erronkaren bila ibili delako. Bere meritu eta merezimenduen zerrenda luzean, Faraoien Rallyan jaso zuen sari berezia aipatu behar da, lasterketa hori bakarka, kopiloturik eta laguntzarik gabe, amaitu duen lehen parte-hartzailea eta bakarra izateagatik.
Han-hemenka egin dituen beste proba askoren artean, Libiako muturreko lau puntu kardinalak aurkitzeko erronka nabarmendu behar da, aurretik beste inork egina ez zuen 'Bilbo Espedizioa: Lybian Winds Rose' deritzon 8.500 kilometrotik gorako balentriaren barruan. Bere espedientearen barruan daude, halaber, Trans España, Espainiako Itzulia, Tunisiako Itzulia, Senegalgo Itzulia, Mauritaniako Coronel Tapiocca Expedition Track delakoa eta Transafricaine Classic izenekoa.