Orain dela hilabete pasa Bilbao Basketek Kanaria Handian lehen aldiz irabazi zuen. Badirudi aurtengoan "zorioneko irletan" jokatzera ohitu direla beltzezko gizonak, izan ere atzo gaueko lehian Teneriferi gailendu zitzaien lehenengo aldiz kanariarren kantxan.
Partidua orekatuta hasi zen, ez zegoen dominatzailerik eta hori markagailuan islatzen zen, diferentziak ez ziren handiak izan. Lehenengo laurden estua 21-16 bukatu zen etxekoen alde. Hori izan zen Alejandro Martinezen mutilek izandako gehienezko errenta.
Bigarren laurdenean kanpotarrek defentsa estutu zuten. Igandeko norgehiagokan Dejan Todorovic arlo horretan bikain ibili bazen, bart Marko Todorovic eta Williamsek Sekulic eta Sigma pibotak estu hartu zituzten, Teneriferen arma nagusia bertan behera utziz. Kanariarren barruko jokoaren arduradunak 27 puntu sartzen dituzte batazbeste partiduko. Atzo beltzezko gizonen merituz 16 bakarrik lortu zituzten. Defentsa horretatik hasita, pixkanaka Sito Alonsorenek euren jokoa ezarri eta atsedenaldira 41-43 heldu ziren.
Dena erabakitzeke aldageletatik bueltan. Beltzezko gizonek bere horretan jarraitu zuten eta defentsatik hasita partidua bere aldera eraman zuten. Erasoan sistemak patxadaz burutuz, hirugarren laurdenaren amaieran errenta hamar puntukoa izanik (53-63).
Azkenengo laurdenean gauzak ez ziren aldatu. Tenerifek ez zuen beltzezko gizonen defentsa apurtzeko aukerarik, ezta bilbotarren erasoko jokoa gelditzeko ere. Lehia amaitzeko hiru minuturen faltan 19koa zen markagailuan ageri zen diferentzia. Norgehiagokaren amaieran 68-73.
Antolatzaileak izan ziren Bilbao Basketen puntu gehien lortu zituztenak. Biek ala biek 14na sartu zituzten. Horretaz aparte, euren taldea beste behin gidatu zuten. Williamsek bere agurraren partiduan, oso lan txukuna burutu zuen. 11 puntu, 4 errebote eta 3 errekuperazio lortu zituen pibot amerikarrak.
Tenerifen Richotti 13 punturekin eta San Miguel 10ekin nabarmendu ziren.
2015 urtea hasteko, igandean Bartzelona hartuko du Miribillan Bilbao Basketek arratsaldeko 18:00etan (Teledeportek zuzenean eskainiko du). Partidu erakargarria, sailkapeneko bigarren postua jokoan egongo baita.