Udal batzordeak osatzeko hauteskundeetan, Bilbon ziren hiru hautagaitzen artean PensandoBilbao taldea atera da garaile botoen %45,32rekin. Hortaz, Lander Martinez izango da Bilboko Podemos-Ahal Dugu alderdiaren idazkari nagusia.
Pablo Iglesiasen aldeko korronteak irabazi du Estatuko hiriburuetan. Bilbon, ordea, ez da horrela izan.
Lander Martinez 25 urteko ingeniaria da. Gasteizen jaioa da, azken sei urtetan Bilbon bizi den arren. Egun, Zientzia Politikoak ikasten ari da. Ahal Duguren eledun bezala aritu da Martinez Bizkaian. Bere lehentasuna izango da Podemos "haztea eta indartzea". Martinezek Euskadi Irratiari adierazi dionez, "jendearengana hurbildu eta parte-hartzea sustatu behar dugu". Maiatzeko udal hauteskundeei begira "asanblada handi bat" antolatuko dutela aurreratu du Martinezek eta bertan erabakiko dutela "aukera onena", hain zuzen ere, "aurkeztu edo ez aurkeztu", eta baiezkoa bada, "zein plataformarekin aurkeztu".
Faborezko tratua jaso duelakoan
@PodemosEH-ren profilean argitaratu diren zenbait mezuk adierazten dutenez, Euskal Herriko zirkuluaren kontu ofizialak Bilboko hautagaitza bati faborezko tratua eman dio, hain zuzen ere, Pensando Bilbaoren zerrendari. @PodemosEH-k argitaratutako mezuetan “lotsagarria” iritzi zaio hautagaitza hori baino ez babestu izana.
“Salatzen dugu PodemosEHren kontu ofizialetatik Pensando Bilbao hautagaitzari bakarrik ematen ari zaiola publizitatea”, irakur zitekeen igorritako mezu batean.
“Sareak kontrolatzen dituzten Pensando Bilbao hautagaitzako pertsonen trikimailu zikinek ez daukate justifikaziorik”, zioen beste mezu batek.
[2014/12/19] Ahal Duguren barne eztabaidan neutraltasun falta salatu dute